Maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeak direla-eta, euskalgintzako hainbat ordezkarik agerraldia egin dute gaur Bilbon, Euskalduna Jauregian, alderdi politikoen hautagaiei hiru galdera zuzentzeko, "hutsune nabariak dituen hizkuntz politikan aurrera egiteko".
1. "Zure alderdiak kudeatuko duen Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz? Eta noiz lan egingo du euskaraz?".
2. "Administrazioak aurrekontuaren zer portzentaia erabiliko du euskararen normalizaziorako?".
3. "Zer aldaketa egingo ditu corpus juridikoan? Udalak euskararen aldeko arautegi edo ordenantzarik ezarriko du, edo daudenak hobetuko ditu?".
Besteak beste, AEK, Artez, Bertsozaleen Elkartea, EHE, EIRE, Elhuyar Aholkularitza, Elkar, Euskal Idazleen Elkartea, Ikastolen Konfederazioa, Ilazki, Sortzen-Ikasbatuaz eta Udal Euskaltegietako Langileak elkarteetako ordezkariak izan dira agerraldian.
Garaiaren "garrantzia"
Euskalgintzako ordezkariek garai honen "garrantzia" azpimarratu dute, “alderdiek hurrengo lau urteetan euskararen normalizaziorako jarraituko duten bidea azaldu behar dutelako.
Aipatutako galderak egiteko, Kontseiluak egindako udalerrien hizkuntz politikaren neurketaren emaitzak kontuan izan dituzte. "Zerbitzua euskaraz ematea, euskaraz lan egitea, euskarak behar dituen baliabideak, hizkuntzaren corpus juridikoa eta euskararen ordenantzak dira beharrezkotzat jotzen ditugun esparruak”, adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Euskal Herriko 66 udalerriren hizkuntz politika neurtu zuen Kontseiluak, "eta puntuazioak hobetzeko bidea zein izango den azaltzea eskatzen diegu alderdien hautagaiei, horregatik azaldutako hiru galderak zuzendu nahi dizkiegu”, esan du Mendigurenek. Halaber, Kontseiluak neurketa berriro egingo du, “udalak osatu eta hizkuntz politika berria martxan jartzean".
Euskara
"Administrazioak noiz eskainiko ditu zerbitzu guztiak euskaraz?"
Euskalgintzako hainbat ordezkarik galderak zuzendu dizkiete alderdi politikoen hautagaiei, "hutsune nabariak dituen hizkuntz politikan aurrera egiteko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu