Babes ofizialeko etxebizitzen inguruko informazioa, aireko argazkigintza, erietxeetako dokumentazioa, administrazio erregistroak... Horiek guztiak eta beste milaka dokumentu gordetzen ditu Gasteizen inauguratu berri duten Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Nagusiak. Punta-puntako teknologiarekin sortu dute eraikina, dokumentuak bildu eta administrazioan izaten diren milaka kontsulta bizkortzeko xedez.
Iñaki Iza arkitektoak diseinatu du eraikina, eta Gamarrako industrialdean egin dute. Orain arte Lakuako eraikinean gordeta zeuden dokumentuak jaso dituzte bertan. Orotara, 6.000 metro koadro ditu artxiboak, administrazio ondarea biltzen duten 460.000 kutxak babesean gordetzeko. Izak atzoko aurkezpenean azaldu zuen moduan, metalezko kaxa itxia da biltegiratze unitatea, barruko dokumentuek sute arriskuari aurre egiteko. Kutxak duen bolumenari dagokionez, bestalde, eraikinaren hiru galeria oraindik egokitu gabe daude, eta, horregatik, milaka kutxa gehiago sar daitezke. Automatizazioari dagokionez, berriz, Europako aurreratuenetakoa du. 15,5 milioi euro inbertitu dituzte eraikinean.
Administrazio gaien inguruko 10.000 kontsulta izaten dira urtean, eta horiek «arintzeko» eraikin berria baliagarri izango dela esan zuen aurkezpenean Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. «Orain arte hainbat egoitzatan izan diren dokumentuak batu ditugu, eta hemendik aurrera 15 minutuan herritarrek euren kontsulta egin ahal izango dute». Gehien kontsultatzen diren dokumentuak, besteak beste, administrazioaren ondarea kudeatzearen ingurukoak, industria jardueraren baimenak eta kutsaduraren kontrolaren gainekoak izaten dira.
XVI. mendeko dokumentuak
Etorkizuneko artxibo digitala osatu bitartean, oraingoz material guztiaren zati txiki bat baino ez baitago digitalizatuta, Gasteizko artxiboaren balioa «kalkulaezina» dela nabarmendu zuen Mendiak. «Herri honen historiaren zati handi bat gordetzen da bertan, 50 kilometro luze diren apalategietan». Administrazio dokumentu zaharren artean badira 1506. urtekoak ere. «Oso interesgarriak dira, esate baterako, Eusko Jaurlaritzako lehendakariek diasporako herritarrei idatzitako gutunak», nabarmendu du dokumentazio arduradun Begoña Uriguenek.
Euskal Artxibo Historikoa egin bitartean, halaber, administrazio dokumentuekin batera hainbat artxibo historiko ere aurki daitezke bertan.
Administrazioaren paperak, babesean
Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Nagusia inauguratu dute Gasteizko Gamarra industrialdean, administrazioko milaka dokumentu eraikin bakarrean bilduta; administrazioak berak nahiz herritarrek egiten dituzten kontsultei erantzungo die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu