Administrazioko langileen %16k ez dute egiaztatu hizkuntz eskakizuna

EAEko administrazioen euskara planen balantzearen aurrerapena aurkeztu dute

jakes goikoetxea
2007ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko 6.567 langile titularretatik 2.505ek bakarrik (%38,15) dute hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko derrigortasun data. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainontzeko administrazioetako 26.681 langileetatik 12.925ek (%48,44k). Horietatik guztietatik %16k ez dute egiaztatu beren lanpostuari dagokion hizkuntz eskakizuna eskatutako epean; langileen %54,1ek egiaztatu dute; eta gainerako %29,8ak behin-behineko langileak dira, «gehienetan»hizkuntz eskakizuna egiaztatuta dutenak, Jaurlaritzaren esanetan (langile titularrak lanpostua eskuratzean hizkuntz eskakizuna egiaztatu beharko du).

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduradunek atzo aurkeztu zuten herri administrazioetako 2003-2007 euskararen erabilera planen balorazioaren aurrerapena. Plan horien barruan sartzen dira Eusko Jaurlaritza (Osakidetza, Ertzaintza eta Hezkuntza Sailaren ikastetxeetako langileak salbu), Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak, udalak, mankomunitateak, Euskal Herriko Unibertsitatea, EAEko Kontu Auzitegia, EAEko Lan Harremanen Kontseilua, EAEkoDatuen Babeserako Bulegoa eta Eusko Legebiltzarra.

Erakunde horiek guztiek euskararen erabilera plan bat egin behar dute bost urtetik behin eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egiten du balorazioa. Balorazioa egiteko bere datu basea eta gainerako herri administrazioetara bidalitako galdetegi bat erabili ditu. Udalen %90ek erantzun dute galdetegia.

Arduradun politikoak

Galdetegiaren arabera, arduradun politikoen %56,30ek euskara ulertzen dute, %51,01 hitz egiteko gai dira, %52,69 euskaraz irakurtzeko eta %46,89 idazteko. «Gaur egun, beraz, Administrazioa presta dago, inoiz egotekotan, euskaraz lan egiteko, neurri batean bederen», Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren iritziz.

Euskara planak

Hala ere, herri administrazioen %45ek soilik dute euskara planen bat. Ez dutenen artean %24 saiatu dira euskara planen bat egiten eta Jaurlaritzak berak onartu du euskara planen bat egin dutenetatik erdiek bakarrik egin dutela planaren jarraipena.

Erabilera irizpideak

Administrazio gehienek zehaztuta dituzte kanpora begirako harremanen hizkuntz ofizialen erabilera irizpideak: herritarrekin (%62), iragarpenetan (%61), beste administrazioekin (%56), argitalpenetan (%55), jendaurreko ekitaldietan (%52) eta itzulpenetan (%51). Hala ere, gehiago dira irizpideak finkatuta ez dituztenak barneko ataletan erabiltzeko (%46), langileen prestakuntzan (%45), beste atalekin erabiltzeko (%41) eta erregistroan (%41). Kontratazioei dagokienez, administrazioen %43k finkatuta dituzte eta %38k ez. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak administrazioak irizpideak dituzten edo ez jaso du, baina ez du zehaztu ea irizpide horiek nolakoak diren edo euskarari ze garrantzia eskaintzen dioten.

Hizkuntz paisaia

Administrazio gehienek euskaraz eta gaztelaniaz dituzte errotulazioa eta agiriak. EAEko Kontu Auzitegia da salbuespena: gaztelania hutsean du errotuluen %40 eta agirien %60 inguru. Tresneriarena da hutsune nagusia, gehiena gaztelania hutsean baitago. Baliabide informatikoen %40 daude euskaraz.

Aldizkarien %23 gaztelania hutsean kaleratzen dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioek. Baita webguneen %17 ere.

Sortze hizkuntza

Gaztelaniaz sortzen dira administrazioen webguneen edukien %83, aldizkarien %78 eta oharren eta iragarkien %71. Euskaraz sortzen direnak %11, %15 eta %10 dira, hurrenez hurren. Alegia, itzulpena da nagusi administrazioetan. Gaztelaniatik egiten dira itzulpen guztien %80.

Harremanak

Administrazioek oso gutxi erabiltzen dute euskara ahoz barne eta kanpo harremanetarako (%26 barne harreman ofizialetan); gehiago, ordea, idatziz (%73 beste administrazioekiko kanpo harreman ofizialetan).

Telefono bidezko harrera hizkuntza euskara da administrazioetatik %67tan. Harrera euskaraz egin ostean, herritarren %60k gaztelaniaz jarraitzen dute eta %40k euskaraz.

Eskaera

Herritarrek euskaraz eskatzen dute administrazioaren zerbitzua kasuen %26an. Euskarazko eskaera apalagoa da administrazioen kasuan: euskaraz eskatzen dute erakunde bereko beste atalen %16k eta beste administrazioen %22k.

Etorkizunerako lan ildoak

Administrazioetako 2003-2007 arteko euskararen erabilera planen balorazioa egin duten bost lantaldeek hainbat lan ildo proposatu dituzte etorkizunerako: besteak beste, hizkuntza ofizialen erabilera irizpideak ezartzea, erakundeetan jakinaraztea eta jarraipena zehaztea; baliabideak eskaintzea; hizkuntza eskakizunen izendapena berrikustea (lehen hizkuntz eskakizunaren maila «oso baxua» dela diote); derrigortasun indizearen egokitasuna aztertzea, zenbait lekutan ezin baita derrigortasuna lanpostu bakar batean ere ezarri; eta euskararen erabilerarako metodologia eta tresnak lantzea.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen esanetan, atzo aurkeztutakoak «berri onak» dira. «Baina ez gaitezen autokonplazentziaren lozorroan erori».











############



eusKo JaurLarITza

Eusko Jaurlaritzan indarrean dago Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana (ez da aplikatzen Osakidetzan, Ertzaintzan eta Hezkuntza Sailaren ikastetxeetako langileetan). 2004ko uztailean onartu zuten:



Lehen plana (1989-1995)

Administrazio orokorreko 6.153 lanpostuetatik 2.040ri jarri zitzaien hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko derrigortasun data, baina planaren amaieran egiaztatu behar zutenen %28,48k bakarrik (581) egiaztatu zuten.



Bigarren plana (1997-2002)

Atalak: 2002aren aurretik elebiduntzea aurreikusi ziren Eusko Jaurlaritzako 84 ataletatik ez zen euskaldundu bakar bat ere.

Egiaztapenak: 2.185 langilek egiaztatu behar zuten beren lanpostuari zegokion hizkuntz eskakizuna, baina 913k bakarrik lortu zuten, egiaztatu behar zutenen %41,78k.



Hirugarren plana (2003-2007)

Atalak: Helburua Eusko Jaurlaritzako 549 ataletatik 50 euskalduntzea da, alegia, bigarren planean baino gutxiago. Plana abian jarri aurretik 19 atal ziren elebidunak, horietatik bederatzi Hizkuntz Politikarako sailburuordetzakoak.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.