ELKARRIZKETA

Adolfo Muñoz: "Gobernuak ez du Rafa Diezek-eta bide zibil eta demokratikoen alde apustua egiterik nahi"

ELAko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak presoa bisitatu dute gaur, Estremerako kartzelan. "Oso animatuta" ikusi dute LABeko buru ohia eta elkartasuna agertu diote.

mikel rodriguez
2010eko otsailaren 5a
15:26
Entzun
ELA sindikatuko ordezkaritzak Rafa Diez Usabiaga presoa bisitatu du gaur, Estremerako espetxean (Madril, Espainia). Adolfo Muñoz idazkari nagusia eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoa izan dira Diez LABeko buru ohiarekin -iazko urrian atzeman zuten, Arnaldo Otegirekin-eta, Batasuna berriro osatu nahi izana egotzita-. BERRIA.INFOk Muñozekin hitz egin du bisitaren ondotik.

Nola aurkitu duzue Rafa Diez?

11:00ak inguruan hasi dugu bisita, eta 40 minutuz egon gara harekin. Oso animatuta dago. Osasunez ere ondo dago; beraz, orokorrean ondo ikusi dugu. Kalean hobeto legoke baina, oraingoz, hori ez da posible.

Espainiako zenbait kartzelatan Euskal presoei bisitara joandako senide eta lagunak miatu egin dituzte azkenaldian. Halakorik gertatu al zaizue zuei?

Ez dugu arazorik izan. Rafa Diezek esan digu, gainera, kartzela honetan [Estremeran] ez dutela halakorik egin, oraingoz.

Zeri buruz mintzatu zarete harekin?

Denetarik hitz egin dugu: sindikalismoaz, egoera politikoaz, bere osasunaz… Kartzelan, kabinan eta kristal bidez izan da bisita, eta triste gaude, ezin izan diogulako eskua eman eta besarkatu, nahi genukeen bezala. “Hurrengoan kanpoan, hurrengoan Euskal Herrian” izan dira azken hitzak.

Zergatik egin du ELAk bisita hau?

Gure elkartasuna adieraztera joan gara, Rafa Diezekin eta LABekin ELAk harreman estuak izan dituelako, eta dituelako. Diez beti izan da laguna guretzat, eta izango da. Horretaz gain, gure elkartasuna adierazi nahi diegu hura bezala sakabanatuta dauden preso guztiei. Dispertsioa onartezina da. Bestalde, bi salaketa egin nahi genituzke. Bat, Espainiako Gobernuaren aurkakoa; ELAk argi dauka Diez eta beste atxilotuek bide zibil eta demokratikoen alde egiten dutela apustu, eta horregatik kalean egon behar dute. Gobernuak ez du hori nahi, eta horregatik eraman ditu kartzelara. Eta beste salaketa, Espainiako arlo judizialaren aurkakoa da. Berme juridikorik ez dagoela ikustera ohituta gaude zoritxarrez, polizia atestatuak ebazpen bihurtzen baitira; horrek kezkatu egiten gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.