Adopzio guztiak ikertzeko eskatu dute haur lapurreten kaltetuek legebiltzarrean

Ume lapurtuen auzia ikertzeko batzorde bat eratzeko eskatu dio SOS Haur Lapurtuak taldeak Eusko Legebiltzarrari

Lapurretak ustez jasan zituztenen protesta bat. Kasuak ez artxibatzeko eskatu zuten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Frankismotik 1990eko hamarraldira ustez lapurtutako ume jaioberrien auzia ikertzeko batzorde bat sortzeko eskatu zuen atzo EAEko SOS Haur Lapurtuak elkarteak Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean. Hala, ikerketa prozesuan adopzio «guzti-guztiak» aztertzea galdegin zuen, «baita erregularrak direla diruditenak ere, kasu guztiak argitu behar direlako». Halaber, ardura politikoa euren gain hartzeko eskatu zien legebiltzarkideei: «Ezin dugu beste leku batera begiratu aspaldi pasatu zelako. Ikertu egin behar da, eta zuek hori bultza dezakezue».

Berez, bi aste barru erabakiko du legebiltzarrak batzordea sortu ala ez, legez besteko proposamena aurkeztua baitu EAk. Halere, SOS Haur Lapurtuak taldearen eskaera zuzenean entzun ahal izan dute legebiltzarkideek, UPDk gonbidatuta. Elkarteko bozeramaile Argiñe Lopezek argudiatu du kasuak ez direla bakan batzuk, eta haien arteko loturak ikertu behar direla, «auzian aberastu egin direla frogatzeko».

Izan ere, jarduteko «eredu» bat egon zela susmatzeko zantzuak ditu elkarteak: «Osagile, erizain, moja eta emagin ugarik saldu zituzten umeak, pazientearekiko botere posizioa baliatuta eta umeak hilda zeudela esanda». Batzuetan, sendiei ez zieten uzten haurren hilotzak ikusten, malformazioak zituztelakoan; beste batzuetan, gorpu bera erakusten zioten guraso bati baino gehiagori.

Era berean, haurrak ustez lapurtutako osasun etxeetan, langileak eurak arduratzen ziren hilotza lurperatzeaz eta horrek dakartzan izapideez. «Legezko tramiteez arduratzea ez da ospitalearen eskumena, ez orduan, ez orain». Lopezek gogora ekarri du udalek hartu ohi dituztela horrelakoak euren gain hildakoaren familiak baliabide ekonomikorik ez duenean.

Hala, ia aztarnarik utzi gabe eraman zuten aurrera haurrok saltzeko sarea. Izan ere, jaio eta 24 ordura hildako umeak fetutzat hartzen ziren, eta ez zegoen haiei buruzko informaziorik. «Horrek dena erraztu zien». Hartara, elkarteak uste du administrazio publikoen erantzukizuna hor dagoela, ez zutelako kontrolatu dokumentazio «irregular, eragingabe eta iruzurrezkoa».

Eskumenetatik kanpo

Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi guztien elkartasuna jaso dute SOS Haur Lapurtuak elkarteko kideek. «Deigarria da orain arte izan duzuen bakardadea, zuek hartu behar izatea ikerketen eta bilaketen gidaritza. Gaia lehentasunezkoa izan dadin lortu behar dugu», adierazi du UPDko Gorka Maneirok. EAko Juanjo Agirrezabalak erantsi du EAEko Arartekoak bat egin duela batzordea eratzeko beharrarekin, «gertatutakoa argitzeko, kaltetuei ordaintzeko neurriak aztertzeko eta araudi aldaketak proposatzeko».

EAJko ordezkari Ane Urkiolak, berriz, zalantzan jarri du batzordea eratzeko aukera: «Legebiltzar honi ez dagokio delituen ikerketa aurrera eramatea». PSE-EEko Miren Gallastegik ildo beretik jo du: «Konstituzioaren esparrua dugu, eta horrek babestu behar gaitu. Aztertu behar dugunola argi ditzakegun gertakizunak, besteen eskubideak urratu gabe».

Elkartearen aldetik erantzun irmoa jaso dute zalantza horiek, Lopezen ahotik: «Zuek ezin banauzue lagundu, laguntza non eska dezakedan jakingo duzue, eta espero dut eskutik helduta eramango nauzuela. Kaltetua naizen aldetik, ez naiz geldituko. Eta Europara heltzen banaiz, zuen lotsagarri izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.