Adostasunik gabe ospatuko da Memoriaren Eguna

Txema Urkijok esan du indarkeria politikoaren biktimak ez dituela jasoko erakundeetan irakurriko den testuak

edurne begiristain
Gasteiz
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Alderdi politiko guztien adostasunik gabe ospatuko da datorren asteazkenean biktimen aldeko Memoriaren Eguna. Aralarrek eskatu du egun horretan erakundeetan irakurriko den testuakgogoan hartzeko frankismoak eta estatu indarkeriak eragindako biktimak ere, baina Eusko Jaurlaritzako Biktimak Artatzeko Bulegokoek esan dute biktima horiek ez dituela aipatuko testuak. PSEk, PPk eta EAJk adostu duten adierazpena Terrorismoaren Biktimen Legean oinarrituta dago, eta lege horrek ez ditu jasotzen motibazio politikoak eragindako biktimak, Txema Urkijo Biktimak Artatzeko Bulegoko aholkulariaren arabera. Haren esanetan, Memoriaren Eguna antolatzeko filosofiari eusten dio landutako testuak, eta Aralarrek eskatzen duena jatorrizko ideia horretatik kanpo dago.

Maiatzean, «terrorismoaren biktimen oroimenerako eta omenaldirako» Memoriaren Eguna izendatu zuen azaroaren 10a Eusko Legebiltzarreko Eledunen Mahaiak. Aralar eta EA abstenitu egin ziren bozketan, baina gainontzeko alderdiek aldeko botoa eman zioten. Azaroaren 10a aukeratu zuten, hain justu; haien esanetan, alde bateko edo besteko biktimarik egon ez den eguna baita.

Omenduko diren biktimen inguruan sortu den ika-mika salatu du Urkijok, eta «penaz» hartu du Aralarrek parte ez hartzea. Azaldu du datorren urtean Memoriaren Egunaren inguruan alderdi guztiak ados jartzen saiatuko dela Jaurlaritza.

«Gezurrezko normaltasuna»

Memoriaren Egunaren egitarauaren aurkezpenean Txema Urkijo eta Maixabel Lasa Biktimak Artatzeko Zuzendaritzako buruak izan dira. Lasak azaldu du datorren asteazkeneko ospakizunean «terrorismoak» erail zituen «errugabe denak» gogoraraztea nahi dituztela, «izuaren biktimak ahanzturaren biktimak ere ez izateko». ETA, GAL eta eskuin muturreko taldeen biktimak gogoan hartuko dira data horretan,bulegoko zuzendariak jakinarazi duenez. Haren arabera, arrazoi ugari daude egun horretarako prestatu diren ekitaldietan parte hartzeko; tartean, «indarkeria eta terrorismoa» oraindik desagertu ez izana. «Hor daude liburu dendetako pintaketak, estortsio gutunak, bizkartzainak nonahi... Gezurrezko normaltasun batean bizi gara».

Lasak herritarrei eskatudie egun horretan hainbat tokitan prestatu diren ekitaldietan parte hartzeko, «bizikidetzaren aurkako mehatxua» desagertu ez delako. Asteazkenean, 10:00etan, Patxi Lopez lehendakariak hasiko ditu ekitaldiak Ajuria Enean,Agustin Ibarrolak egindako oroitarria inauguratuta. Adierazpen bera irakurriko dute bai ekitaldi horretan, bai Eusko Legebiltzarrean, bai udaletan, bai Batzar Nagusietan egingo diren bilkuretan. Andoainen (Gipuzkoa) bukatuko dituzte eguneko ekitaldiak, hainbat biktimei omenaldia eginez. Udalerri horretan, «ideologia askotako» biktimak izan direla nabarmendu nahi du Jaurlaritzak ekitaldi horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.