Atxiloketa

Adrian Donnay atxilotu du Ertzaintzak Gasteizen, kale erasoekin zerikusia izatea egotzita

Bere etxean atzeman dute, Aiztogile kaleko eraikin okupatu batean. Hain justu, etxe hori, alboko biltegi bat eta beste etxe bat miatu ditu Ertzaintzak. Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak agindu du atxiloketa.

2010eko martxoaren 9a
18:45
Entzun
Adrian Donnay 21 urteko mutil gaztea atxilotu du bart goizaldean Ertzaintzak Gasteizen. Kale erasoetan parte hartu izana leporatzen diote, zehazki, iazko irailaren 28an tranbiaren geltoki baten kontra molotov koktelak jaurtitzea. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok agindu du Donnay atxilotzeko.

Donnay atxilotzeaz gain, hura bizi den etxea miatu dute Aiztogile kalean, hain zuzen ere, okupatutako eraikin bat. Halaber, alboko biltegi bat eta Gasteiz bertako beste etxe bat ere miatu dute. 13:30ean bukatu dituzte miaketak.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dioenez, gutxienez Ertzaintzaren zazpi furgonetek eta sei autok hartu dute parte operatiboan, goizeko bostetatik aurrera. AAMk dio oraindik (17:15) Donnayren senide eta abokatuei ez dietela bere egoeraren berri eman; "beraz, ez dakigu inkomunikaturik duten edo ez".

Donnay eta beste zenbait gazte gaur goizeko bostak aldera Madrilera abiatzekoak ziren, goizean izan baita Igor Maiora Oiartzungo (Gipuzkoa) gaztearen aurkako epaiketa.

Polizia iturrien arabera,Espainiako Poliziak atxilotu eta jada espetxean dagoen Jagoba Apaolaza Castro da tranbiaren geltokiaren aurkako erasoan parte hartu zuen beste gazte bat. Era berean, irailaren 28an bertan Ekaitz Samaniego atxilotu zuen Ertzaintzak, hura ere tranbiaren geltokiaren kontrako erasoa parte hartzea egotzita. "Kaleko terroristen taldea desegin dugu", esan du gaur Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak.

Gasteizko atxiloketa salatzeko mobilizazioak egingo dituzte, hiriburuan bertan: gaur 20:00etan batzarra Errota auzoan, bihar 20:00etan manifestazioa Korreosetik abiatuta.

Igor Maioraren kasuan, honek Gasteizko bi kutxa automatikoren kontrako erasoa egin zuelakoan fiskalak bederatzi urteko espetxe zigor eskaera egin du haren aurka eta AVTk bost urtekoa. Defentsak absoluzioa eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.