Mundua

AEBek Ipar Korearen aurkako ebazpena proposatuko dute gaur NBEko Segurtasun Kontseiluan

AEB Ameriketako Estatu Batuen helburua joan den astelehenean burutu zuen proba nuklearragatik Piongiangek zigortzea da. Hori dela-eta NBEko Segurtasun Kontseiluak proba nuklearra berehala gaitzetsi dezan, Ipar Korearen aurkako ebazpena proposatuko dute gaur AEBek. Bien bitartean, Ipar Koreak mehatxu egin dio Japoniari atzo iragarri zituen zigorrak ezartzen badizkio. Piongiangek uste du AEB herrialdearen aurkako erasoa prestatzen ari dela.

2006ko urriaren 12a
12:27
Entzun
NBEko Segurtasun Kontseiluak gaur eztabaidatuko du estatubatuarrek Ipar Korea zigortzeko egingo duten proposamena. John Bolton AEBek nazioarteko erakundean duten ordezkariak atzo ziurtatu zuen ebazpena 24 ordutan onartzea espero dute. Erresuma Batuko, Frantziako eta Japoniako enbaxadoreekin bildu zen atzo eta bileraren ostean "erantzun gogor eta azkar bat" emateko beharra azpimarratu zuen.

Ipar Korea tinko

"AEBak bere indar armatuen gaitasuna pilatzen ari da Ipar Koreari eraso egiteko", salatu du Piongiango Gobernuak Rodong Sinmun egunkari ofizialeko editorialean. "Baina estatubatuarrek gerra deklaratzen badigute, porrot garratza pairatuko dute", gaineratzen du.

Bestalde, Japoniaren aurkako "errepresalia gogorrak" ezarriko dituela ohartarazi du Ipar Koreak. Hain zuzen, Japoniak bere kabuz Piongiangi zigorrak ezarriko zizkiola iragarri zuen atzo. Zigor horiek ezartzen badizkio erantzun egingo duela ohartarazi du gaur Song Il-ho Ipar Koreako enbaxadoreak. Azken honek Ipar Koreak Japoniarekin dituen harreman diplomatikoak normalizatzeko ardura dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.