Ekonomia atzeraldiaren kezka eta arriskuari aurre egiteko asmoz, interes tasa jaistea erabaki du Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Erreserba Federalak: zehazki, %0,75 jaitsi du, eta %3,5ean kokatu (%4,25ekoa zen lehenago). 2001eko irailaren 11ko atentatuak gertatu zirenetik, aurreneko aldia da Erreserba Federalak ohiko batzar batetik kanpo erabakitzen duena interes tasak jaistea; mundu osoko burtsetan atzo izandako beherakadak bultzatu ditu normaletik kanpoko erabaki hori hartzera.
Erreserba Federalak diruaren prezioa merketu arren, Wall Streetek, AEBetako burtsa nagusiak, beheranzko joerarekin hasi du gaurko saioa, %3,23 eginda behera, eta gero %2,46an kokatu da.
Atzo jai zuten Wall Streeten, eta, ondorioz, astelehen beltzaren eraginetik kanpo geratu zen. Mundu osoko inbertsiogileak eta finantza adituak hara begira dira gaur, han gertatzen dena erabakigarria izan baitaiteke burtsen etorkizuneko joerak zehazteko.
George Bush AEBetako presidenteak Kongresuak neurri batzuk hartzeko saiatzen ari dela jakinarazi du, ekonomia berpizteko asmoz. 145.000 milioi dolar bideratu nahi ditu horretara.
Ekonomia
AEBetako Erreserba Federalak %0,75 jaitsi du interes tasa, atzeraldi beldurrari aurre egiteko
Asiako eta Europako burtsek beheranzko joerarekin segitu dute gaur, baina atzo baino motelago. Wall Streetek %2,46 egin du behera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu