Mundu guztia zegoen gaur AEBetako Erreserba Federalaren bileraren erabakiaren zain. Ia zazpi urtez interes tasak zeroren pare egon ondoren igoeraren bat adostuko ote zuen ala bere horretan utziko zuen, horixe zen gakoa. Azkenean, interes tasak ez igotzea erabaki du Janet Yellenek gidatutako erreserba federalak. Agiri bidez azaldu du erabakiaren arrazoia: "Azken aldiko finantza eta ekonomia globalaren egoerak geldotu egin dezakete jardun ekonomikoa, eta epe motzera, inflazioa apaltzeko presioa ere egon daiteke".
AEBetako ekonomiaren datuak bide onean doazela azaldu du agiriak: jarduera ekonomikoa handitzen ari dela, gastu pribatua eta inbertsioak ere handitzen ari direla, eta langabezia jaisten (%5 baina pixka bat gehiago baino ez da). Fedek gogorarazi du zein den bere erabakien helburu nagusia: "Prezioen egonkortasuna eta ahalik eta enplegurik gehien ziurtatzea". Eta helburu horiek betetzeko, "batzordeak berretsi du gaur egungo %0-0,25 interesa egokia dela". Hortaz, AEBetako ekonomiaren egoerak baino, nazioarteko ekonoimaren zalantzek pisu handiagoa izan dute Feden erabakian, batez ere Txinaren ekonomiari buruzko dudek eta garabideko herrialdeen pattalaldiak.