Arnaldo Otegi askatzeko eta gainerako euskal presoak etxeratzeko kanpainak beste bultzada bat jaso du: AEBetako 29 idazle, aktibista, filosofo eta autoreren atxikimendua jaso du Free Otegi, free themall ekinbideak, Donostiako Aquariumean Joseba Zulaikak eta Laura Mintegik aurkeztutako ekitaldian jakinarazi dutenez. Aurtengo laugarren sostengu txanda izan da, nazioartetik, euskal kulturatik eta Kataluniatik iritsitakoen ostean.
Aurkezleen esanetan, "AEBetan azken 65 urteetako borroka aurrerakoi garrantzitsuenetan" parte hartutakoak dira Otegiren-eta aldeko sinatzaileak. Besteak beste, haien artean dira Noam Chomsky filosofoa, James Petras soziologoa, Alice Walker idazlea, Angela Davis aktibista, William Ramsey Clark AEBetako fiskal nagusi ohia, Cindy Lee Miller Sheehan gerraren aurkako ekintzailea, Simona Sharoni ekintzaile feminista eta Mike Farrel aktorea.
Zulaikak esan duenez, "oraingo eraldaketa politikorako" Otegik-eta kalean behar dute, eta uste du AEBetako atxikimenduek ere erakusken dutela nazioarteak prozesu horri ematen diola babes bat. Mintegik adierazi du gaurko espetxe politika ez dela "iraganaren hondar bat", baizik eta "gerorako estrategia bat, estatuak presoak behar dituelako kontakizun baterako".
Donostiako ekitaldian izan dira Otegiren emazte Julia Arregi eta alaba Garazi, Sortuko kide Hasier Arraiz, Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena, eta Donostiako alkate ohi Juan Karlos Izagirre (Bildu).