Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AEM) dio berak jakin duenaren arabera “hainbat pertsona” atxilotu dituela gaur Espainiako Poliziak Euskal Herrian, sare sozialetan “terrorismoa goratzea” leporatuta.
Horri buruzko informaziorik ez du eman ez Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ez beste erakunderik. Eta horri buruz honako hau esan du AEMk: “Gaurko atxiloketei, ohikoa denaren kontra, ez zaio inolako bonbo informatiborik eman, izan ere jakina baita Euskal Herrian adierazpen askatasunaren aurkako era honetako erasoek ez dutela inolako babes sozialik”.
AEMk elkartasuna adierazi die ustez atxilotutakoei eta, era berean, “okupazio indarrei” dei egin die “Euskal Herritik alde egiteko”.