EUSKAL PRESOAK

AEMk manifestaziora deitu du, azaroaren 24an

Gudariak direlako, amnistia osoa! leloarekin egingo da, eta gaur eguerdian aurkeztu dute, Bilbon. Amnistiaren aldarrikapenak errepresaliatu politikoen askatzearen aldekoa baino «askoz ere esanahi zabalagoa» duela esan dute deitzaileek.

AEMko kidek, gaur eguerdian, Bilbon egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2018ko urriaren 27a
18:19
Entzun

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak manifestaziora deitu du, azaroaren 24an, Bilbon. Gudariak direlako, amnistia osoa! leloarekin egingo da, Jesusen Bihotzetik abiatuta (18:00).

Gudariak direlako, amnistia osoa!  leloari buruzko azalpenak emanez hasi dute gaur eguerdian Bilbon egindako agerraldia: "Hain zuzen ere horregatik aldarrikatzen dugu amnistia errepresaliatu politikoentzat: gudariak direlako. Abestiak dioen moduan, 'ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik nor garen, zer garen aitortzeko'".

AEMko kideen iritziz, kartzelan, erbestean edo deportazioan daudenak Frantziako eta Espainiako Estatuei "aurre egin zietelako" daude bertan. "Manifestariak, grebalariak eta herri mugimendua jipoitzen duten mertzenarioen aurka altxatu zirelako, euskararen aldeko borroka sustatu zutelako, elkartasunaren eta konpromisoaren eredu bihurtu zirelako, torturatzaileen zigorgabetasunaren kontra matxinatu zirelako, euskal kulturaren biziraupena borrokaren bidez baino ezin dela bermatu frogatu zutelako, langile borrokaren aldarrikapenak babestu zituztelako, eta ama lurra deuseztatzen duten proiektu txikitzaileen kontra jo zutelako. Horregatik, independentzia eta sozialismoaren alde aritzeagatik, daude preso, erbestean edo deportazioan".

Horiek horrela, amnistiaren aldarrikapenak errepresaliatu politikoen askatzearen aldekoa baino "askoz ere esanahi zabalagoa" du AEMkoen ustez: "Amnistia zapalkuntza ororen amaieraren aldarrikapena da. Amnistia herri zapalduek inperioen aurka altxatzeko duten eskubidearen aldarrikapena da. Amnistia langileen izerdiaz eta kasu askotan odolaz baliatuta aberasten den patronalaren bota izorratzeko eskubidea da. Amnistia herria, pairatzen duen injustiziaren aurrean, otzan mantendu nahi duen bake burgesaren aurkako oihua da".

Hori dela eta, dei egin dute abuztuaren 24ko manifestazioan parte hartzera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.