Euskal herritarrentzat interesekoak diren gaiekin agenda bat osatu, eta "euskal herritarren interesak defendatzeko" elkarlana egitea proposatu die EH Bilduk eragile politiko eta sozialei. "Herri honek ahots propio eta indartsua izan dezan", elkarlana Madrilen egin behar dela esan dute Oscar Matute eta Oihane Zabaletak gaur, Donostian emandako prentsaurrekoan. Baina ez han bakarrik: "Orain Madrilen ari da jokatzen partida, baina itzulerako partida, egiazkoa, aldaketa ematea edo ez erabakiko duena, Euskal Herrian jokatuko da".
Euskal herritarren intereseko gaiekin agenda osatzea beharrezkoa ez ezik egiteko modukoa ere badela uste du EH Bilduk. Hala, agenda hori osatzen hasteko lau gai proposatu ditu koalizio abertzaleak: pentsio sistema, enplegu politikak, kontsultak egiteko eskumena eta espetxe politika.