"Agenda nazionalista inposatzea" egotzi dio Esparzak Barkosen gobernuari

Nafarroako Gobernuaren "etengabeko porrotak" salatu ditu UPNk. Nabarmendu du gobernua tentsioan dagoela une oro eta zergen igoera kritikatu du.

Javier Esparza Nafarroako Parlamentuan, urtarrilean. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
2018ko uztailaren 20a
09:44
Entzun

Uxue Barkosek atzo egin zuen agerraldia pasa diren hiru urteetako agintaldiaren balorazioa egiteko. Gaur, UPNko presidente Javier Esparzak egin du eta "agenda nazionalista inposatzea" egotzi dio Barkosen gobernuari. Horretarako, euskara  "zeinu politiko" bezala erabili izana kritikatu du, "faktore baztertzaile eta zatitzailea" dela adierazi du. "Euskararen inposizioaren" aurka egindako manifestazioan milaka lagunek parte hartu zutela gogoratu du eta horren aurrean Nafarroako gobernuak izandako jarrera kritikatu: "Herritarrekiko beren harrokeria, umiltasun eta errespetu falta agerian utzi zituzten".

Barkosen gobernuak "porrot asko" egin dituela esan du Esparzak; azkena, Davalor enpresarekin egindako "eskandalua" izan dela. Salatu du Manu Aierdi Garapen Ekonomiko saileko presidenteordearen "apustu pertsonal" batengatik Nafarroako Gobernuak 2,6 milioi euro enpresa horretara zuzendu duela.

Zergen igoera izan da Esparzaren ustez Nafarroako Gobernuaren beste hanka sartzeetako bat, "bidegabeak eta ez beharrezkoak" direla argudiatuz. Herritarrek zergen igoera horrekin ez dutela onurarik eskuratu esan du: "Nafarrek zerga gehiago ordaintzen dituzte, Nafarroako Gobernuaren zorra handituz doa eta herritarrentzako zerbitzuak ez dira hobetzen".

Barkosi bere gobernu barruko kideen arteko tentsioak ez kudeatzea leporatu dio, eta hori egiten ez jakiteak bere gaitasunak "zalantzan" jartzen dituela esan du.

Kritikatu du, halaber, Barkosen gobernuak UPN ustelkeria kasuekin lotu nahi izana,  "benetazko ehizaldia" martxan jarri duela, baina ez duela ezer lortu.

"UPN berriro gobernatzeko prest" dagoela berretsi du.

Esparzari erantzuna

Geroa Baik ohar bidez erantzun dio Esparzari, eta esan du UPNren "urduritasuna" eta "etorkizunerako proiektu eza" direla gaurko agerraldian agerian geratutakoak. Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak azaldu du Barkosek atzo egindako balorazioa datuetan oinarrituta dagoela, 150 adierazle baino gehiagok azaltzen dutela Nafarroa duela hiru urte baino hobeto dagoela egun. Adierazi du hobekuntza asko egin dituela Barkosen gobernuak, nahiz eta politika horien eragina oraindik ez duten herritar guztiek sumatu. Azken hiru urteetan gobernua babesten duten lau alderdiekin egindako akordioei esker "lege garrantzitsuak" onartu direla esan du Martinezek.

Garapen Ekonomiko saileko Mikel Aierdi presidenteordeak ere eman du erantzuna Esparzak egindako agerraldia dela eta. Adierazi du Davalor enpresara dirua zuzentzea ez dela bere "gutizia" bat izan, eta "prozedura legal" bidez egin dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.