Bizkaiko zahar etxeetan ugarituz doaz kasuak. Atzo, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuen lau zahar etxetan atzeman zituztela kutsatzeak, eta, orotara, 47 zirela positibo eman zuten egoiliarrak. Halaber, azken orduetan agerraldi brri bat atzeman dute Bilboko zahar etxe batean.
Zentroko egoiliar batek positibo eman ostean, PCR probak egin zizkieten gainerako egoiliar eta langile guztiei, eta hainbat kasu azaldu dira: beste zortzi egoiliar eta langile bat daude kutsaturik. Zahar etxeko egoiliar guztiak Birjinetxe zentro soziosanitariora eramango dituzte.
Bizkaiko zahar etxeetan detektatu dituzte kasu gehien; hain zuzen ere, herrialde horretan jo du birusak gogorren udan. Agerraldirik bortitzena Zamudioko zahar etxekoa izan zen. Iragan astean, egoiliarren artean 26 positibo izan zirela jakinarazi zuten diputazioak. Beste bi oldarraldi nagusiak Bilbon izan dira. Azken urduetan atzemandako kasuez aparte, hiriko beste zahar etxe batean hamabost egoiliarrek dute gaitza. Bestalde, Barakaldon egoiliar batek positibo eman du. Egun, beraz, 55 dira positibo eman duten Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarrak, eta 57 langileak, baina beste 64 bakarturik daude, prebentzio moduan.
19 positibo Murgian
Bazirudien birusa ez zela itzuli Arabako zahar etxeetara, baina Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen udako lehen oldarraldia atzeman zutela Murgiko zentro batean. Hilaren hasieran, diputazioa PCR probak egiten hasi zen herrialdeko zahar etxeetan, eta proba horietan hamabi kasu detektatu zituzten. Gaur bertze zazpi positibo atzeman dituzte egoitza berean, eta denera 19 dira positiboak. Horietatik hemezortzi egoiliarrak dira, eta bestea, zentroko langilea. Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du datozen egunetan PCR proba gehiago egingo dituztela. Diputazioak, ordea, ez du azaldu egun zenbatekoa den zahar etxeetako langile kutsatuen kopurua.
Arabako zahar etxeetako egoiliarren senideek agerraldia egin dute gaur aldundiaren egoitzaren aurrean. Senideek eguneroko bisitak egin ahal izatea eta egoiliarrak zentroetatik atera ahal izatea eskatu diote diputazioari. Izan ere, haien esanetan, itxialdiaren ondorioak oso larriak eta konponezinak izaten ari dira egoiliarrentzat.
Gipuzkoan, zahar etxe bakar batean atzeman dituzte kasuak azken asteetan. Hiru izan dira positibo eman duten egoiliarrak, eta horietako bat asteburuan zendu zen, gaitzaren ondorioz. Kutsaturik dauden langileak hamalau dira.