Aho batez onartu dute Bilboko Udalean, hondakin organikoak jasotzeko bosgarren edukiontzioa zabaltzea. Datozen hilabeteetan 2, 3 eta 4 barrutietako auzo banatan jarriko dute martxan sistema, eta agintaldia amaitu aurretik Bilbo osora zabaltzeko plan bat egingo dute.
Ekologistak Martxan taldearen eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren eskutik ailegatu da bosgarren edukiontzia hiri osora lehenbailehen zabaltzeko proposamena udalbatzara. Izan ere, mozioaren gaineko arrazoibideak emateko testuan azaldu dute orain arte hirian egindako esperientziek —Deustun daramate denbora gehien— ez dutela «nahitaezko jarraipenik, eta ibilbiderik» izan, eta harago egitea ezinbestekoa dela.
Gogorarazi dute Zabalgarbin sartzen den materiaren %31k eduki organikoa duela, eta gehiena etxez etxeko bilketatik datorrela. Horregatik iruditzen zaie hain garrantzitsua hondakin mota hori Bilbon gaika era orokortu batean biltzen hastea. Ongi atera dadin sentsibilizazio kanpaina «esanguratsuak» egin beharko direla adierazi dute.