18/98 auzia

"Aginteak maite du uniformetasuna. Ñabardurak ez"

Agerraldi literarioa egin du 18/98+ lan taldeak gaur, Donostian, Kirmen Uriberen 'Haizearen koloreak' idatzia oinarria hartuta. "Oinarrizko eskubideen defentsa" egin dute.

2007ko irailaren 15a
16:50
Entzun
“Espainiako Auzitegi Nazionalean hainbat erakunde, enpresa eta fundazioren aurka egiten ari diren prozesu juridikoetan urratzen ari diren oinarrizko eskubideen defentsa egiteko”, agerraldi literarioa egin du 18/98+ lan taldeak gaur, 11:30ean, Doka Donostiako Kafe Antzokian.

Kirmen Uribe idazlearen idatzi bat oinarri hartuta egin ere. Haizearen koloreak izena jarri dio idatziari Uribek. Eskubide zibil eta politikoen defentsa exijitzen du 18/98+ taldeak, eta eragileekin harremanetan jarriko dira egunotan. Uribek ez ezik, taldeko hainbat kidek irakurri dute testua: Ramon Zallok, Garbiñe Biurrunek, Olatz Altunak, Iñaki Beraetxek...

“Aginteak maite du uniformetasuna. Ñabardurak ez ditu bat ere maite. Dena da bat harentzat”, dio idatziak hasieran. “Ahaztu egiten zaio mila direla haizeak, kolore ugari dituztela. (…) Gizarteak haize berritu behar du aldian aldian, horretarako da espiritu kritikoa. Prozesu luze honek zigortu nahi duena. Eta gogoan hartu haizeak mila kolore dituela, mila koloretakoak garela gizabanakoak”.



Julio Pardo margolariak irudi bat marraztu du, hantxe. Rafa Ruedak kitarrarekin lagundu dio. Euskal gizarteko hainbat lagun bildu dira Dokako ekitaldian.

Epaiaren zain daude 18/98 auzia-n epaitutakoak. Eta ezkor daude. Mikel Korta bozeramaileak adierazi duenez, zigor epaiak espero dituzte. Kartzela. Ez delitua egin dutelako, auzia "erabat politikoa" dela sinetsita daudelako baizik. "Bultzada politikoan oinarritutako sumarioa da", dio Kortak. Hartara, epaia ere politikoa izango dela uste du. "Epaia PSOEren helburu politikoen araberakoa izango da, ildo errepresiboa hartu duelako".

18/98ko sumarioaren eta horrekin lotura politikoa duten beste auzien aurrean “ardurak salatzeko”, auzipetuak ekimenak egiten dabiltza egunotan. Hilaren 23rako Bat Egin Eguna antolatu dute Altsasun (Nafarroa). Elkartasuna jasotzeaz gain, dirua ere bildu nahi dute gastuei aurre egiteko. Aurretik, hilaren 20an, Iruñean elkarretaratzea egingo dute, PSNren egoitzaren aurrean. 25ean Gasteizen egingo dute, Ajuria Enea atarian. Atzo Bilbon egin zuten, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Argazkian, Olatz Altuna testua irakurtzen, gaur. (Argazki Press)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.