Asteburuan Altsasun bi guardia zibil jotzea egotzita atxilotutako bi lagunak goizean igaro dira epailearen aurretik, eta aske utzi dituzte biak. Hala ere, epaileak inputatu egin ditu, agintearen aurka eraso egitea eta lesioak eragitea egotzita. Ostiralero joan beharko dute epaitegira. Epaitegi atarian protesta egin dute hainbat lagunek, "polizia azpijokoen" aurka. Besteak beste, Utzi bakean Altsasu idatzirik zuten orriak erakutsi dituzte.
Gaitzespen soka luzea eragin du Altsasun gertatutakoak. Nafarroako Parlamentuarena, besteak beste. Legebiltzarrak bi adierazpen onartu ditu; aurrenekoa Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak proposatu dute, eta PSNren babesarekin egin du aurrera. EH Bildu abstenitu egin da, eta kontra bozkatu dute UPNk eta PPNk. Bigarrena UPN, PPN eta PSNk aurkeztu dute, eta bost puntutatik lau onartu dituzte, abstenitu egin baitira Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra.
Zehazki, legebiltzarrak Altsasuko "indarkeria ekintzak" gaitzetsi ditu, eta elkartasuna adierazi die zaurituei. Halaber, "bizikidetzaren" aldeko apustua egin du, erantsita larunbat goizaldean gertatutakoak "iragana" dakarrela gogora. UPN, PSN eta PPNk aurkeztutako testuak, ordea, "gaitzespen gorena" adierazi du "jarrera faxisten eraso justifikaezinaren" aurrean.
Bertsio kontrajarriak
Antza, larunbat goizaldean, zerbitzutik kanpo zeuden bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso zieten hainbat lagunek —45 inguru Guardia Zibilaren arabera—. Ondorioz, Poliziak bi pertsona atxilotu ditu, erasoan parte hartzea egotzita. Ordea, lekukoek besterik diote. Horien arabera, "tabernako ohiko borroka" izan zen, eta lokalean zegoenetako batek guardia zibilei handik alde egiteko esatean hasi zen liskarra. Azken horiek ukatu dute borrokan "dozenaka lagunek" parte hartu zutela.
Igandean, bi atxilotuak aske uzteko eskatu zuen Sortuk, eta gaitzetsi egin zuen Guardia Zibilak hasieratik agertutako jarrera: "Kontaketa ofizial bat eraikitzen ari dira, baina soilik Guardia Zibilaren bertsioa dago, eta ez dira oraindik salaketak publiko egin". Horretaz gain, kritikatu egin zuen zenbait komunikabidek agertutako jarrera ere, agenteen bertsioa ontzat eman zutelako.
Horrez gain, hainbat herritarrek salatu dute Guardia Zibilaren hainbat auto ibili direla Altsasun egunean zehar.
Altsasu atzo gauean#EstadoDeSitio#GoHome#AldeHemendikpic.twitter.com/f25tUBDNRW
— MuyBastos (@muybastos) 2016(e)ko urriak 16
UPNk ez du gaitzespen agiria onartu
Altsasuko Udaleko bozeramaile batzordea iluntzean elkartu da, eta larunbat goizaldeko gertakariak kritikatu ditu. Onartutako agirian zehaztu dute, "bortizkeria gradu guztiak" salatu behar direla, edonolakoak direla ere. Alkateak azaldu du ahalik eta babes gehien izango zuen testu bat onartzen saiatu direla.
UPNk, ordea, bere testua aurkeztu du, eta ez du bat egin gainerako alderdiak prestatzen ari ziren agiriarekin. Ezta EH Bilduk ere; Javier Ollo alkateak, halere, eskertu egin dio testua adosteko koalizioak egin duen ahalegina. Azkenean Geroa Baik, Goazen Altsasuk eta PSNk onartu dute agiria. Udalak zaurituei elkartasuna adierazi die agiri horrekin.
Baina, gainera, udal ordezkariek onarturiko testuan nabarmendu dute azken egunetan Guardia Zibilaren presentzia handia izan dela herrian, eta horrek ez diola "bizikidetzari" laguntzen. Komunikabide batzuek herriari buruz eman duten irudia ere gaitzetsi dute, ez datorrelako errealitatearekin bat.
Udal ordezkariek bilera egin dutela bezala, dozenaka herritar elkartu dira plazan, gertaerak poliziaren "muntaketa" bat izan direla salatzeko, eta Altsasu "bakean" uzteko eskatzeko.
Iruñean, berriz, dozenaka herritar eta agintari elkartu dira Guardia Zibilaren komandantziaren atarian, elkartasuna adieraztera. Nafarroa askatasunaren alde, Guardia Zibilarekin leloa idatzia zuen pankartaren atzean bildu dira, besteak beste, Javier Esparza UPNko presidentea, Maira Chivite PSNko idazkari nagusia, Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia eta Carmen Alba Espainiak Iruñean duen gobernu ordezkaria.