Espainiako Zigor Kodea erreformatzea onartu dute Espainiako Kongresuan, eta Senatura igaro da eztabaida. Hor, lege erreformari aldaketa batzuk egitea proposatu du PPk. Genero indarkeria delituengatik edo hilketak egiteagatik zigortutakoei gehienez bost urteko zaintzapeko askatasuna ezartzea aurreikusten du erreforma proiektuak, baina, Europa Press agentziak filtratutako informazioaren arabera, PPk proposatu du puntu hori ez dadila txerta Zigor Kode berrituan. Iluntzean, ordea, PPko iturriek zehaztu dute "akatsa" izan dela eta ez diotela zuzenketa hori egingo testuari.
Espetxealdiaren ostean zigortua une oro lokalizatuta egotea, aldian behin epaitegira joatea eta biktimarengana hurbiltzea debekatzea ezartzen du erreforma proiektuak.
Zuzenketa gehiago proposatu ditu PPk, hala ere. Agintearen aurkako atentatua egiteagatik zigorrak igotzea aurreikusten zuen lege aldaketak, gutxieneko zigorra hiru urtera igotzeraino; baina, Europa Press agentziak zabaldu duenez, aukera hori baztertu du PPk, aitortuz arau berria "neurrigabea" izan litekeela kasu batzuetan. Agintearen aurkako atentatu kasuak, ordea, zabaldu egin nahi ditu, eta horien artean sartu osasun zerbitzuetako langileak eta irakasleak jotzea edo beldurraraztea.
Lapurreta, 500 eurotik gora
Erreforman ageri diren neurri gehiago utzi nahi ditu PPk bertan behera; horietako bat da lapurretaren muga 400 eurotik 500era igotzea. Lege aldaketan aurreikusitakoaren arabera, 400 eurotik 500era igotzekoak ziren ebasketa eta lapurreta bereizten dituen muga, baina PPk uste du ez dela "egokia uneotan" aldaketa hori egitea.
Gainera, ezkutuko ehiza eta arrantza egiten dutenei zigor gogorragoak ezartzea proposatu du alderdi horrek.