Iruñeko Sarasate pasealekuko etxebizitza bat okupatu zuten larunbatean, eta hara sartutakoak aterarazi zituzten Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak. Hiru lagun atxilo eraman zituzten, eta beste hainbat zauritu.
Iruñeko Instrukzio 2. Auzitegiak aske utzi ditu hirurak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez. Karguekin utzi dituzte libre, "autoritatearen aurkako atentatu" delitua egotzi baitiete hirurei; bati, gainera, ondasun higiezinen usurpazioa. Gainera, Udaltzaingoari agindu dio identifika ditzala okupazioan parte hartu zituzten beste batzuk.
Bi atxiloturentzat hamabosna hileko zigorra eta 2.250 eta 900 euroko isuna eskatu du fiskalak. Hirugarrenarentzat, berriz, zigor bera eta 1.350 euroko isuna.
Esku hartze "neurrigabea"
EH Bilduk ohar bat plazaratu du, eta salatu Udaltzaingoaren jarduna "erabat neurrigabea" izan zela eta "iraganeko irudiak" gogorarazten dituela: "Sustatzen ari garen hiri ereduaren eta polizia ereduaren aurkakoa da esku hartze hori". Koalizio subiranistak azpimarratu du etxea utzarazteko agindua ez zela udal gobernuaren edo Udaltzaingoaren ekinaldia izan, guardia epailearena baizik. Hori, ordea, gezurtatu egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiak.
ELA sindikatuak, berriz, udal gobernuari eskatu dio argi dezala "zein irizpide erabili zituen Udaltzaingoak", eta erantsi du "bateraezinak" direla etxea utzarazteko erabilitako "moduak eta erantzule politikoek iragarri duten polizia eredu berria" .
UPNk babes osoa eskaini dio Udaltzaingoari, eta "elkartasuna" adierazi die zauritutako udaltzainei. EH Bilduren aurka ere egin du: "Asiron alkatearen taldeak ia egunero erakusten du ez dela udala zuzentzeko gai".