Agiri bateratua plazaratu dute Espainiako Gobernuak eta Venezuelakoak, Espainiako Atzerri Ministerioaren bidez, eta horrenbestez, konpondutzat eman dute Auzitegi Nazionalak Chavezen Gobernuari egindako akusazioaren haritik sortutako liskarra.
Hain zuzen ere, Velasco epailearen autoan jasotzen dena gezurtatu, eta ETArekin ez duela inolako harremanik azpimarratu du berriro Venezuelako Gobernuak; areago, erakunde armatu horren ekintzak guztiz arbuiatzen dituela agertu du. "[Venezuelako Gobernuak] gezuratzen ditu ETA erakunde terroristarekin ustez izandako elkarlanari buruz argitaratu diren informazioak. ETAren ekintzak argi arbuiaten ditu", dio plazaratu duten agiriak.
Ildo horretatik, ETAren kontra elkarrekin aritzeko konpromisoa berretsi dute "polizia arloan eta arlo judizialean".
Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak ETAko ustezko sei kide eta Kolonbiako FARCeko 12 auzipetu zituen joan den astean elkarrekin atentatuak prestatzea egotzita, besteak beste, Alvaro Uribe Kolonbiako presidentea hiltzeko ahalegina. Horrez gain, ETA eta FARCek Venezuelako Goberuaren laguntza jasotzen dutela esaten da auzipetze autoan.
Hori dela eta, liskarra sortu zen Hugo Chavezen gobernuaren eta Espainiakoaren artean, batik bat, Espainiako Gobernuko zenbait kidek Venezuelari "azalpenak" eskatu zitzaizkiola agertzean. Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroak, ordea, "azalpenak" barik Venezuelako Gobernuari "informazioa" eskatu zitzaiola zehaztu zuen, eta ñabardura horrek, agi denez, konforme utzi zuen Chavez. Gobernu biek kaleratu duten agiri bateratuaren bidez konponduntzat eman dute liskarra, eta bi estatuen arteko harremanak lehengora itzuli direla azpimarratu dute.
Politika
Agiri bateratua plazaratu dute Venezuelak eta Espainiak, eta "argi arbuiatu" dute ETA
Espainiako Auzitegi Nazionalak Chavezen Gobernuari ETAri laguntza ematea leporatzeak sortutako liskarra konpondutzat jo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu