ETAren azken adierazpena eta indarkeria izan zituzten hizpide, atzo, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak eta Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak, Ajuria Enean egin zuten ia ordubeteko bileran. ETAren azken bi adierazpenak ez direla «inolaz ere nahikoak»uste dute bai Lopezek, bai Basagoitik. Eta hala helarazi dute Lehendakaritzatik bidalitako oharrean. «Askatasun esparru berriak irabazi eta indarkeria deslegitimatu da» Lopez lehendakari denetik, euren ustez, eta indarkeriaren amaiera lortu arte «orain arteko politika irmoarekin» segituko dutela berretsi dute. «Gizarteak nahi duen agiri bakarra da ETAk behin betiko desagertuko dela esaten duena da».
Basagoitikbere aldetik egindako agerraldian Lopezi esan dio orain arteko politikak fruituak eman dituela, eta ildo beretik segitzeko eskatu dio. «Ez da kasurik ere egin behar hiltzaile horiek esaten dutenari, eta lanean segitu behar da proiektu fanatiko horri aitzakiak kentzeko». Azpimarratu du «garrantzitsua dela Batasuna hauteskundeetan ez egotea» eta hori hala izan dadin eskatu dio Lopezi.
Gai hori izango du hizpide Lopezek etzi, Eusko Legebiltzarrean egingo den Politika Orokorrari Buruzko eztabaidan. Lopezek uste du «terrorismoaren amaiera» gertu dagoela. «Sineste demokratiko sendoak izateak, eta legalitate eta sistema demokratikoaren defentsak ETA eta bere ingurua ahultasun mutur batera eraman ditu. Azkeneko ahalegina geratzen zaigu, baina bukaera gertu dugu». Hala laburtu du etzi,gai horren inguruan plazaratuko duena. Jorratuko dituen gaien artean egongo da gai hori, autogobernua, fiskalitatea eta krisiarekin batera, besteak beste.
Idoia Mendiak hitz egin du Jaurlaritzaren izenean ETAren azken adierazpenaren inguruko balorazio egiteko, eta «etsigarritzat» jo du agiria. ETAri indarkeria behin betiko eta modu argian uzteko eskatu dio.
Espainiako Gobernuaren izenean Maria Teresa Fernandez de la Vegak hartu du hitza. Ez dagoela ezer berririk, eta beraz, esateko ezer berririk ez dagoela gehitu du. «Indarkeria behin betiko eta modu argian uzten duela iragartzea beste biderik ez du. Ez dago bidezidorrik». Bien bitartean, Gobernuak orain arteko ildoan segituko duela esan du. «ETA garaitzen segituko dugu zuzenbide estatuaren tresnen bitartez, Estatuko segurtasun indarrekin eta epaile eta fiskalen lanarekin». Bada halere PSEn, azken agirian aldaketarik ikusi duela esan duenik. Odon Elorza Donostiako alkateak uste du pauso txiki bat dela, baina ez duela bermerik.
Nafarroako Gobernutik Alberto Catalan eledunak esan zuen «mozorrotzeko» adierazpena dela, eta bilatzen den bakarra «eta saiatuko direna» 2011ko hauteskundeetan aurkeztea dela.
Agiria ez da inolaz ere nahikoa, Lopezen eta Basagoitiren ustez
Espainiako Gobernuaren ustez ez dago ezer berririk, beraz ez dago ezer berririk esateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu