Agirrek Arabako aurrekontuak aurkeztu ditu, EA aintzat hartu gabe

EAJk eta EAk osatutako gobernua hautsi egin daiteke, erreforma fiskalaren inguruan ados jartzen ez badira

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak 2011rako foru aurrekontuak aurkeztu ditu, baina aurrekontuen tramitazioak Arabako Gobernua haustea eragin dezake. Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Eusko Alkartasunak osatzen dute foru gobernua, baina Agirrek aurkeztutako aurrekontuek ez dute kontuan hartzen EAk eskatutako zerga erreforma.

Gobernu Kontseiluan onartu dituzte foru aurrekontuak, eta Arabako Batzar Nagusietan eztabaidatu behar dute orain. EAk babesa eman die aurrekontuei Gobernu Kontseiluan, baina baldintzatu egin du Batzar Nagusietan eman beharreko aldeko botoa. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak argi utzi du «Batzar Nagusietan zerga politika aldatzen» saiatuko direla eta, ez badute lortzen, «aurrekontuen aurka» bozkatuko dutela. Arabako Gobernua «arriskuan» dagoela aitortu badu ere, EAJrekin «oraindik ados jartzeko aukera» badagoela uste du. Gainera, EAJren lehentasuna «aurrekontuak PSE-EErekin adostea edo gobernukideen eskaera aintzat hartzea» den argitzeko eskatu dio Urizarrek Arabako ahaldun nagusiari.

Agirrek garbi esan du ez dela zerga erreformarik izango, horrek «Euskal Autonomia Erkidegoko zerga politikaren harmonizazioa haustea eragin dezakeelako». EAk aurrekontuen aurka egitea «desleiala» dela uste du Agirrek, eta baldintzak jarri dizkio gobernuan jarraitu nahi badu: aurrekontuen aldeko botoa ematea. EA gobernua uzteko «aitzakia bila» ari dela esan du: «Deserosoa izan daiteke haientzat gobernuan egotea». «Ezker abertzaleari lotutako estrategian» kokatzen du Agirrek EAk aurrekontuen auzian hartu duen jarrera.

Aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa EAJ eta PSE-EEren artekoa izango dela dirudi. Agirrek azaldu du PSE-EE «lehentasunezko bazkide» dela, eta bi alderdien arteko akordioa «oso aurreratua» dagoela.

EBk salatu egin du EAJk eta PSE-EEk duten «akordio irmoa». Nerea Galvez Arabako Batzar Nagusietako EBko eledunaren ustez, bi alderdiek adostutako aurrekontuek «ez dute bermatzen errenta handienak dituztenek gehiago ordaindu dezaten». «Okerren dauden arabarrak ahaztuko ez dituzten aurrekontu sozialagoak» eskatu ditu Galvezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.