Joseba Agudo abokatuaren defentsak kasazio errekurtsoa jarriko du haren estradizioaren aurka. Bordeleko Auzitegiak atzo erabaki zuen Agudo Espainiaratzea, eta hiru eguneko epea eman zion haren defentsari helegitea aurkezteko. Aukerari heltzea erabaki du abokatuak, eta kasazio errekursoa jarriko du.
Joan den azaroaren 17an, Paueko Auzitegiak Agudoren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak pausatutako euroagindu eskaera onartu zuenez, kasazio auzitegian helegitea aurkeztu zuen horren abokatu Maritxu Paulus-Basurkok. Helegitea onarturik, urtarrilaren 7an aztertu zen berriro euroagindu eskaera, Bordelen. Auzian Agudok hitza hartu zuen eta zehaztu bere lana errefuxiatuen eskubideak babestea baizik ez zela.
Frantziako Poliziak atxilotu zuen Agudo abokatua, urriaren 28an, Hendaian (Lapurdi), Fernando Grande Malaska epaileak agindurik. Aurretik, zazpi orduz miatu zuten Agudok Oiartzunen daukan bulegoa (Gipuzkoa), baina ez zenez han agertu, iluntzean Hendaian atxilotu zuten. "Iheslarien eta ETAko zuzendaritzaren artean zubi lanak" egitea leporatu zioten abokatuari.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du Agudoren atxiloketarekin iheslariekiko babesa eta elkartasuna zigortu nahi dela. Munduan sakabanatuak diren euskal iheslarien defentsan egin duen lan juridikoa publikoa izan dela azpimarratu du behin baino gehiagotan.
Zentzurik gabeko eskaera
Espainiak pausatu euroagindu eskaera horrek «zentzurik ez» duela adierazi du auzi guztietan Agudoren abokatuak. Hau da, Frantziako Estatuak eginiko atxiloketa batean eta frantses lurraldean aurkituriko dokumentu batzuetan oinarriturik euroagindu eskaera hori ezin dela aplikatu oroitarazi du.
"Nahi dituzten pertsonen babesteko eskubidea eta askatasuna" aldarrikatu zuen Jean-François Blanco Paueko abokatu eta dekanoak ere azaroaren 17ko Paueko epaiketan.
POLITIKA
Agudo Espainiaratzearen aurka helegitea jarriko du abokatuak
Bordeleko Auzitegiak atzo erabaki zuen Agudoren estradizioari baiezkoa ematea. Hiru egun ditu abokatuak kasazio gortean errekurtsoa jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu