Agur jendetsua ETAk Arrasaten hildako Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohiari

Aitaren hilketa ez manipulatzeko eta bihar "samaldaka bozkatzera" joateko deia egin du Sandra Carrasco alaba zaharrenak. Herritarrez gain, agintari eta eragile politiko eta sindikalek parte hartu dute gaurko gaitzespen ekitaldietan. Esperantzari eusteko deia egin du Juan Mari Uriarte Donostiako gotzainak hileta elizkizunean.

2008ko martxoaren 8a
18:44
Entzun
Familiak hala eskatuta komunikabiderik gabe egin da Isaias Carrasco atzo ETAk Arrasaten tiroka hildako PSEko zinegotzi ohiaren hileta elizkizuna, San Joan Bataiatzailearen parrokian. Hil kapera udaletxean egon da, eta PSE-EEko zuzendaritzako kideek atera dute hilkutxa handik, besteak beste, Patxi Lopez idazkari nagusiak eta Miguel Buen Gipuzkoako buruzagiak, jendearen txalo artean. Herriko Plaza erdialdean Arrasateko zinegotzi eta PSE-EEko kideek hartu dute gorpua, eta, azkenik, senideek sartu dute hiletara.

Eliza jendez beteta zegoen, eta kanpoan megafonia bidez jarraitu dute hileta ehunka lagunek. Herritar soilez gain, agintari eta politikari askok parte hartu dute azken agur horretan. Besteak beste, han izan dira Juan Joses Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria, Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordea, Javier Rojo Espainiako Senatuko presidentea, Jose Montilla Kataluniako presidentea, Manuel Chavez Andaluziakoa, Ricardo Varela Galiziako kontseilaria, eta Aragoi, Asturias eta Kantabriako erkidegoetako agintariak. Alderdi gehienetako buruzagiak ere izan dira.

Juan Mari Uriarte Donostiako gotzainak gidatu du elizkizuna, eta Carrascoren hilketa "kolpe gogorra" izan dela eta gizartea "hunkituta" utzi duela adierazi du. Kolpe gogorra izan arren esperantzari eusteko deia egin du Uriartek; hots, esperantza ezin dela galdu nabarmendu du. Halaber, babesa agertu dio hildakoaren familiari. Sartzerakoan bezala, irtetetzean ere txalo zaparradarekin hartu du jendeak Carrascoren hilkutxa.

Nolanahi ere, egun guztian zehar ugariak izan dira ETAren hilketa gaitzesteko eta Carrascoren familiari babesa agertzeko ekitaldiak. Eguerdiko hamabietan ehunka herritar batu dira Arrasateko udaletxe atarian, hilketa gaitzesteko. Maria Angeles alarguna eta Sandra alaba zaharrenaren inguruan bildu dira herritar horiek, bilkura isilean. Halaber, agintari eta eragile politiko eta sozial ugarik parte hartu dute elkarretaratzean.

Han izan dira, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria, Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarrekoa, Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburua, Joseba Azkarraga Justiziakoa, Javier Madrazo Gizarte Gaietakoa,Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordea eta Paulino Luesma Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria. Euskal Herriko eta Espainiako alderdi nagusietako buruzagiek ere parte hartu dute elkarretaratzean: EAJko presidente Iñigo Urkullu, Patxi Lopes PSE-EEko idazkari nagusia eta Manuel Chavez PSOEko presidentea, Maria San Gil PPren EAEko presidentea, Unai Ziarreta EAkoa, Gaspar Llamazarez IUkoa, Aintzane Ezenarro Aralarreko buruzagitzako kidea han izan dira. Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak ere parte hartu du bilkuran. Jose Elorrieta ELAkoa, berriz, zertxobait lehenago hil kaperan izan da familiari samina adierazten.

Bozkatzera joateko deia egin du alabak

Txalo zaparradarekin amaitu da elkarretaratzea, eta, ondoren, Sandra Carrasco alaba zaharrenak eskerrak eman dizkie familiaren izenean elkartasuna adierazi dieten guztiei. Era berean, aitaren hilketa ez manipulatzeko eskatu du. Beste eskaera zehatz bat ere egin die herritarrei: bihar "samaldaka bozkatzera" joateko, botoa ematea ETAri ez dutela atzera egingo esateko modua dela iritzi baitio. Bere aita "askatasuna, demokrazia eta sozialisten ideiak" defenditzeagatik hil dutela erantsi du, eta hil dutenak "koldarrak" direla.

Bilkura puntu nagusia Arrasatekoa izan bada ere, herri ugaritako udaletxe atarietan egin dira bilkurak. Hiriburuetan, udaletxe atarietan ez ezik, diputazio atarietan ere bai. Oro har, milaka herritarrek hartu dute parte agintariekin batera, elkarretaratze horietan.

Elkarretaratzeen aurretik, goizeko bederatziak eta hogei ingurutik zabalik egon da Arrasateko Udaletxean Isaias Carrasco zenaren hil kapera. Jende asko hurbildu da bertara familiari doluminak ematera, haien artean, agintariak, politikariak eta beste zenbait erakundetako ordezkariak. 16:00etan itxi egin dute hil kapera jendearentzat, familiak bakardadean eman nahi baitzion azken agurra.

Orain, hileta amaituta erraustu egingo dute Carrascoren gorpua, familiaren borondatez, intimitatean.

Goizean goizetik loreak daude jarrita AP-1 autopistako Bergarako ordainlekuan, hau da, Carrascok lan egiten zuen lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.