jaiak

Agur, Zeledon

Andre Maria Zuriaren jaiei bukaera emango diete. 01:00ean Zeledon agurtuko dute Andre Maria Zuriaren plazan, Udal Musika Bandaren laguntzaz, eta piroteknia ikuskizunaren azken sortarekin.

2013ko abuztuaren 9a
18:12
Entzun

Bukaera gertu den arren, orain arteko festa gogoz hasi dute eguna gasteiztarrek. Euskal pilota txapelketa izan da lehen ekitaldia, Foru plazako pilotalekuan, 10:30ean. Plaza berean, 12:00etan, herri kirolen txanda heldu da: idi, zaldi eta gizon probak egin dituzte.

Ordu berean, gurpil aulkiko saskibaloia jokatu dute Arka plazan. Kirola egin baino jan eta edan nahiago izan dutenak, berriz, Artium aurreko plazara joan dira, eta bertan txakolinarekin egindako txistorra dastatu dute. Atzo bezala, haurrek ilara luzeak egin dituzte Peñafloridako Kondearen plazan, Gargantuara sartu ahal izateko.

Jaia agurtu nahi izan dute bertsolariek ere. 13:30ean, bertsotan ibili dira Manex Agirre, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio eta Alaia Martin; gaur, gai jartzailea Olatz Bayer izan da.

Arratsaldeko seietan Azoka Arabiarra egon da Ayala plazan. Gero, umeek beste ekitaldi bat zuten Prado parkeko abentura gunean 18:30ean: haur diskoteka.

DJrik ez: txokolatea

Gaurko gauean ez da musika izango protagonista: Zeledon izango da nagusi. Hura agurtuko dute Andre Maria Zuriaren plazan 01:00etan. Horrekin batera, egun hauetan egon diren piroteknia ikuskizunen azkeneko sorta entzungo da, Valacea etxearen eskutik.

Hala ere, hainbat gasteiztarrek jaiak beste modu batean agurtuko dituzte, ordu berean Kaotikok kontzertua eskainiko baitu txosna gunean. Gaur ez da DJrik egongo: 02:00etan txokolate dastatzea eskainiko dute San Prudentzio kalean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.