Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak kanporatu egin ditu Ainhoa Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez parlamentariak. Carlos Couso parlamentari taldeko bozeramaileak idatzi bat aurkeztu dio Parlamentuko Mahaiari, kanporaketa hori gauzatzeko.
Ondorioz, neurria berretsiko balitz, Nafarroako Parlamentuko presidentetza utzi beharko luke Aznarezek. Izan ere, legebiltzarreko araudiaren arabera, parlamentari batek ezin du ganberako presidente izan parlamentari talde bateko kide ez bada.
Ahal Dugu-Orain Bai taldearen zatiketa agerikoa izan da, taldeko lau parlamentari Nafarroako Ahal Dugu alderditik kanporatu zituztenetik. Laura Perez alderdiko idazkari nagusi ohia eta Carlos Couso, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco parlamentariak alderditik bota zituen Ahal Dugu-k. Lau parlamentari horiek dute, ordea, taldearen kontrola. Eta, gaur, Nafarroako aurrekontuak onartu eta berehala, gainerako hiru taldekideak kanporatzea erabaki dute; hau da, alderdiaren ildo ofizialarekin lerratu diren hirurak botatzea.
Parlamentuko Mahaiak erabaki beharko du Ahal Dugu-Orain Bai taldearen eskaria onartzen duen ala ez. Hurrengo bilera urtarrilaren 8rako du ezarrita mahaiak.
UPNk, PSNk eta PPNk, baina, mahaiaren bilkura aurreratzeko eskatu dute, Aznarez lehenbailehen ordezkatzeko. Adierazi dutenez, parlamentuko egungo presidenteak ezin du karguan jarraitu, ez delako talde parlamentario bateko kide. Aznarezek erantzun du "araudiaren arabera" deituko direla Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea. Orain Bai taldeaz mintzatzeko "Orain dirua" izena erabili du.
Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak adierazi dutenez, espero dute Ahal Dugu-Orain Bai taldeko parlamentari guztiek auko gobernuarekiko duten konpromisoari eustea. Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak nabarmendu du Ahal Dugu-Orain Bai taldeko zazpi parlamentariek ez dutela soilik "aldaketaren gobernua" sostengatzen duten alderdi politikoekiko konpromisoa. Aldiz, konpromiso hori gizartearekiko ere badela ziurtatu du.
Nafarroako Ahal Dugu-k, berriz, erantzukizunez jokatzera deitu ditu Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerra, "Orain Bai-ko transfugek egindako iruzur demokratikoa saihesteko". Salatu duenez, alderditik kanporatutako parlamentariek Orain Bai taldearen "kontrol ekonomikoa izatea" bilatu dute, eta taldearen hileroko dirua eskuratuzea dute helburu.
Ahal Dugu-Orain taldeko parlamentari kritikoek agerraldia deitu dute biharko.