Behin betiko ebazpena eskuratu ez badute ere, Handik kolektibokoak pozik daude Paueko Auzitegiak ahalmen urriko haurren eskubideen alde ebatzi duelako. Ekainean larrialdiko prozedura onartzea deliberatu zuen epaileak, baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak legea urratu zuen: salaketa ezarri zuten ahalmen urriko zazpi haurrei eskola laguntzailerik ez zien eman. Oraingoan legea betetzeko eta haurrei dagozkien eskola laguntzaileak emateko agindu du epaileak.
Handik kolektiboak oraindik ez du eskuratu ebazpena, baina badu ebazpenaren berri. Ekainean zazpi familiak ezarri zuten salaketa. Bost familiari arrazoia eman die epaileak (lau ikastolakoak, bat eskola pribatukoa). Familia bakoitzari 300 euro ordaindu beharko dizkiote, prozedura xahutzeengatik.
Bertze bi kasuak ezberdinak dira. Batean prozedura akatsa nabarmendu du. Eskola laguntzailearen eskaria egin zuelarik familiak haurra Sohütakoikastolan zegoen, Zuberoan, eta urtean zehar Hiriburuko ikastolara, Lapurdira, eraman zuen familiak. Horregatik ukatu diote laguntza. «Ez dute kontuan hartu laguntza behar duena haurra dela eta ez eskola. Haur horrek behar berberak ditu ikastola batean zein bertzean», esan du Ladis Arrosagaraik, Handik kolektiboko kideak.
Azken kasuan, berriz, sakoneko ebazpena hartu beharko du epaileak abenduaren 16an. Frantziako Hezkuntzak EVS kontratuak ezarri nahi ditu AVS kontratuen ordez, eta, hala, langileen egoera prekarioalarriagotu. Handik kolektiboak egoera horri buruz ebazteko eskatzen dio auzitegiari, haurren laguntza egokia xede.
Salaketen gurpila
Ekaineko auzia ikasturte bukaeran heldu zen, eta zirrikitu hori baliatuz, Frantziako Hezkuntzak ez zuen legea bete. Alta, larrialdi eskaera onartuz eta orain familiei arrazoi emanez, aurrekari garrantzitsua ezarri du epaileak. Lehen urratsa zela erran zuen orduan Handik kolektiboak. Aurten ez dira negoziazioen beha egon, eta ikasturtea hasi bezain laster laguntzarik ez zuten haurren familiei bilkura batera joateko gomita egin zien irailean. Hemezortzi kasutan, familiek Frantziako Hezkuntza auzitara eramatea deliberatu dute. Oraingoebazpena eskuetan eta EVS enpleguen prekarietatea salatzen duen erabakiaren beha, haurrei dagozkien laguntzak aurten eskuratzea espero dute Handik kolektibokoek. Bitartean, herri kanpainak antolatzen segitu beharko dute baliabideak lortzeko.
Ahalmen urriko haurren alde ebatzi du Paueko Auzitegiak
Haurrei dagozkien eskola laguntzaileak emateko eskatu die Hezkuntza Ministerioko agintariei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu