Argitu gabeko desagertzea

Ahanzturaren aurka

Hiru hilabete igaro dira Nora, Gasteizko andre bat, desagertu zenetik; gertaera hori ahantz ez dadin, eta argibideak eskatzeko, mobilizazioak hasiko dituzte

Jon Rejado.
2010eko otsailaren 3a
11:10
Entzun

Denbora da oroimenaren etsairik handiena. Une batean garrantzi itzeleko gaia dena iraganeko gertaera da sei hilabete geroago, eta nekez gogora daitekeen zerbait urte baten buruan. Onerako eta txarrerako. Baina, badaude denboraren esku utzi ezin diren gertaerak. Gasteizko Emakumeen Plataformak Noraren kasua gogorarazi nahi du. Duela 23 urte Marokon jaiotako Gasteizko bizilaguna duela hiru hilabete desagertu zen, eta inork ez du haren berririk.

2009ko urriaren 25ean desagertu zen Nora Gasteizko udal egoitza batetik, eta haren bi semeak bertan gelditu ziren. Inork ez daki zer gertatu zen. Inork ez daki nola gertatu zen. Hiru hilabeteren ostean, Ertzaintzak gertaera ikertu arren, ezer gutxi argitu da kasu horren inguruan. «Sumarioa sekretupean dagoela eta informaziorik ezin dutela eman esan digute galdetu dugunean», jakinarazi du Maider Goikoetxea plataformako kideak.

Dena den, desagertu zen egunaren aurreko egunetako jazoerak gogoan dituzte Gasteizko Emakumeen Plataformako kideek. Norak senarraren tratu txarrak hainbatetan jasan zituen, eta horien ondorioz, duela hainbat urte alde egin zuen Marokora, gurasoengana. Senarrak behin-behineko espetxe zigorra bete behar izan zuen tratu txarrak emateagatik, Noraren ondotik urruntzeko agindua ezarri zion epaileak, eta zaintzapeko askatasunean dago gaur egun. Lehen ikerketak egitean senarrarekin hitz egin zuen Ertzaintzak, eta horrek atzamarkada aztarnak zituen aurpegian. Hala, Nora desagertu aurreko egunean liskar bat izan zutela jakinarazi zion senarrak Poliziari.

Erakundeek gertakari honen inguruan izandako jokabidea kritikatu egin du Gasteizko Emakumeen Plataformak. Lehenik eta behin, Nora, tratu txarrak jasan ondoren, babes etxe batean ez egotea kritikatu du, bi semeekin udal egoitza batean egotea. «Tratu txarrak jasan dituzten emakumeek babes etxeetan egon behar dute, ez egoitza batean».

Erakundeek Norarekin gertatutakoa «isilarazi» dutela salatu du plataformak, eta gertatutakoaren inguruan erantzunak eman behar dituztela gogorarazi du. Gainera, Nora atzerritarra izateak isiltasun horrekin zerikusia izan duen susmoa dutela jakinarazi dute.

Nora desagertu eta hiru astera, mugimendu handia sortu zen gertaeraren inguruan, baina denboraren poderioz apalduz joan da. Aukera guztiak kontuan hartu zituen Ertzaintzak 2009ko azaroan ikerketa hasi zuenean. Senarrarekin hitz egiteaz gain, haren etxebizitza arakatu zuten, eta emakumearen gorpuaren bila ere aritu ziren Zadorra ibaian. Hiru hilabeteren ostean, ez dago Noraren berririk, eta gertakari hori ahaztua izateko arriskuaren beldur, ekimenak hastea erabaki du Gasteizko Emakumeen Plataformak. Nora desagertuta dagoela gogorarazteko eta argibideak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar, eta bi ostegunean behin egingo dituzte Olagibel kaleko Ertzaintzaren polizia etxearen aurrean, 20:00etan.

Desagertutako emakumearen egoera gogora ekartzeko ekimenak ez dira Gasteizen bakarrik antolatuko. Al Amal Madrilgo (Espainia) emakumeen elkartea mobilizazioak hasteko aukera aztertzen ari dira. Talde horretako kideek Noraren gurasoekin hitz egin dute, eta horiek ere inolako berririk ez dutela jakinarazi dute. Al Amal elkarteak, bitartean, haurrak Marokora eramateko izapideak hasi ditu, aitona-amonak haien zaintzaz ardura daitezen. Hori lortu bitartean, Nora desagertuta dagoela gogoratzen jarraituko dute. Ahanzturaren aurka borroka egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.