«Ahanzturaren kontra» egin dute Lezon eta Altzan

1936an tropa frankistak sartu zirenean agintean zeuden udalbatzak omendu dituzte

arantxa iraola
2021eko irailaren 11
16:04
Entzun

Orain dela 85 urte Francoren aldeko tropak matxinatuta ailegatu zirenean agintean zeuden udalbatzak omendu dituzte gaur Donostiako Altza auzoan –udalerria zen garai hartan, independentea– eta Lezon. Altzakoa Donostiako Udalak antolatutako omenaldi bat izan da. Gogora ekarri dute tropa matxinoak heldu zirenean 1931. urtean eratutako udalbatza zegoela Altzako Udalean agintean, eta udal agintari haiek «askatasunaren» alde egin zuten bidea goraipatu du Eneko Goia Donostiako alkateak.

Hamabi udal ordezkari haien izena duen plaka bat jarri dute Altzako udaletxea zen eraikinean, eta oroigarriak eman dizkiete haietako hainbaten senitartekoei. Omenaldi honekin 36ko gerrak eta ondorengo urteetako jazarpenak eragindako «umiliazioa eta oinazea» gogora ekartzea eta «ahanzturatik ateratzea» bilatzen dutela esan dute Donostiako Udaleko iturriek.

Lezon ere justu orain dela 85 urte Lezoko Udalean zegoen udalbatza gogora ekarri dute gaur, omenaldi batean. Memoria historikoaren ikerketarako lanean ari den Etxetxo elkartearekin batera antolatu du omenaldia Lezoko Udalak. Omenaldia egin diote, baita ere, Felix Arriagari. Plaka bat jarri dute nor zen eta nola hil zuten gogora ekartzeko. Lezoko Udaleko langilea zen, kale garbitzailea, eta bonbaz egindako eraso baten ondorioz hil zuten 1936ko abuztuaren 26an; haren iloba bat ere Esperanza Sein, hil egin zen erasoan, eta hantxe kalean zebilen bi urteko umetxo bat ere bai. Aldi hartan eraso haiekin zabaldu zen «ikara» ezin dela ahantzi gogora ekarri du Etxetxo elkartearen izenean hitza hartu duen Joxe Luix Agirretxek omenaldian, eta «gertatu zena kontatzea» garrantzitsua dela nabarmendu du: «Ez ahanzteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.