Gasteiz eta Castejon-Muru Artederreta (Nafarroa) lotu nahi zituen goi tentsioko linearen aurkako eragileak plazara atera dira aste honetan. BOE Espainiako agerkari ofizialean, igaro azaroaren 12an egitasmoa bertan behera uzteko asmoa berretsi zela azaldu dute, pozik. «Ingurumenean eragingo lukeen kaltea eta gizarteko oposizioa» aintzat hartu ditu idatziak. Hitz horiek agerkari ofizialean modu horretan idatzita egotea gogoan hartzeko moduko lorpena dela diote. Kanpezuko (Araba) ezker abertzaleko zinegotzi Jon Basterrak hasieratik hartu du parte Nafarroako eta Arabako hainbat udalerrik egitasmo horren kontra egiteko eratutako plataforman. 30 hilabetean gauzatutako borroka moldeanzer ikasia franko dagoela dio.
Agerkari ofizialak berak aipatzen du REE Espainiako Sare Elektrikoak xedea bertan behera laga duela ingurumenean kaltea eragingo lukeelako eta gizartean aurkako joera eragin duelako. Lorpen gazi-gozoa dela azaldu duzu zuk. Zer dela eta?
Lotsagabekeria iruditzen zait halako agerkari bateko ahapaldi batean egitea aipua; ez pentsa, aurkitzea ere kosta egiten da, bilatu egin behar gero... Aho txikiarekin onartu dute gauza bat hasieratik argia eta garbia zena. Agerian geratu da, nahiz eta beraiek ere garbi izan hasieratik kalteak hor zeudela, jendeak mugitu behar izan duela eta borroka egin behar izan duela beraiek ere horixe aitortzeko.
Izan ere, 30 hilabeteko borroka eraman duzue aurrera...
Hain justu, horrexek utzi digu nolabaiteko zapore garratza. Horrenbeste saltsa eta istorio, helegiteak, bi atxilotu ere izan ziren tartean, eta gero ahapaldi txiki batean onartzeko guk defendatu duguna. Hori da tristeena akaso; baina horrexek berak aitortzen digu lortu dugula proiektuaren hiru laurdenak bertan behera geratzea. Ez hori bakarrik, beraiek ere aitortu dute gure plataformak hasieratik esaten zuena: baliatu behar direla lehendik dauden baliabideak, hobe dela hori, milioika eta milioika euro gastatzea baino azpiegitura berri batean, ingurumenean, gainera, kaltea eraginez.
Nafarroan, Deikazteluko azpiestazioaren eta Aguilar Kodeserako eta Orkoienerako lineen egitasmoek bere horretan diraute.
Nafarroako Gobernuak jarraitzen du esaten behar dituela azpiegiturak, autopista elektrikoak, Estellerriak behar duelako energia elektrikoa bere garapenerako. Gezur hutsa eta galanta da hori, beraiek ere badakite. Auzia da Nafarroak energia elektriko pila bat daukala soberan gaur egun, eta saltzeko eta ateratzeko behar dituela autopista elektrikoak eta lineak eta abar...
Eta plataformak egitasmo horren aurka jarraitzeko asmoa du, orduan?
Dudarik gabe. Gure plataforma ez da Arabakoa. Araba eta Nafarroako herrietako plataforma herrikoia da; hori ezin dugu ahaztu. Kontrara, egon dira Arabako udal eta koadrila batzuk borroka egin dutenak linea honen aurka, baina bakarrik beraien lurraldean izango zuen eraginaren inguruan.
Martxan al duzue dagoeneko borrokaren bigarren zatia?
Otsailean egingo dugu Lizarran bilera bat orain kaltetuta dauden herriekin, eta hortik aurrera, ikusiko dugu. Orain datorrena da nahiko epe luzera, eta aldiak-eta kontrolatu egin behar dira jendea ez erretzeko. Baina bai, egiteko horretan ariko gara.
Prozesu honetatik atera daitekeen irakaspen nagusia zein da?
Nik behintzat gauza pila bat ikasi ditut. Argi dago herriak elkartzen badira, eta instituzioek ere bat egiten badute, eta borroka bat sozializatzen baduzu, halako batasun bat lortzen duzula. Hori oso garbi ikusi dut. Beste alde batetik, ikusi dut gauza bat batere gustatu ez zaidana; esaterako, zenbait politikariren jarrerak aldatzen direla haizearen norabidearen arabera. Baina, batez ere, modu positiboan, ikasi dut herri eta instituzioen batasunari esker lortu dela hau.
Kolore politiko guztiak batu dituen mugimendua izan da, gainera.
Bai, denok aritu gara norabide berean, baina ñabardurak daude. Hasieran, adibidez, Araba mailan jeltzaleek ez zuten batere argi nondik nora zihoan kontu hau. Kontrara, Nafarroako hainbat udalerritako ordezkariak, UPNkoak eta PSNkoak,mobilizatu egin ziren, baina EAJ ez. Denbora aurrera joan ahala, nik uste dut jeltzaleek ikusi zutela ez zeukatela interes ekonomikorik auzian, eta erabaki zuten beraiek ere aurrera egitea, eta Arabako Mendialdean mobilizatzen hasi ziren. Orain urtebete urtarrilean antolatu genuen herri kontsultan, Nafarroako herri guztietako alkatetzak batu ziren, eta laguntza eman zuten nahiz eta jakin legez kanpokoa zela. Arabako udaletan, ordea, bakarrik Kanpezuk onartu zuen kontsulta egitea. Hor ikusi zen, EAJ ez zela hor sartuko, ekarriko lukeelako Zornotzan [Bizkaian, ziklo konbinatuko zentralaren auzian] onartu ez zutena onartzea. EAJk modu instituzionalagoan egin du bere lana.
Jon Basterra. Gasteiz-Castejon goi tentsioko linearen aurkako plataformako kidea
«Aho txikiarekin onartu dute hasieratik argia eta garbia zena»
Goi tentsioko linearen aurka 30 hilabetez eginiko prozesuaz baikor mintzo da, baina gazi-gozo; zati bat geratu dute, bestea falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu