Aholku batzordea sortzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, herrialdeko hiri hondakinen kudeaketa gizarte erakundeen partaidetzari irekitzeko. Arlo eta eremu ugaritako 50 bat lagunek osatuko dute batzordea, eta hark emandako aholkuak ez dira erabakitzaileak izango baina «irizpidetzat» hartuko dira, diputazioaren esanetan.
Aholku batzordea sortzeko erabakia atzo hartu zuen diputazioko gobernu kontseiluak, eta martxo bukaerarako prozesua bukatzea espero du. Diputazioko Ingurumen Departamentuko ordezkariek, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politikoetakoek, mankomunitateetakoek eta hondakinen partzuergokoek osatuko dute taldea. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Gipuzkoako udalek ere lekua izango dute.
Baina gizarte partaidetzara ere irekiko da aholku batzorde berria: sindikatuek, enpresa erakundeek, merkatari eta dendariek, unibertsitateek, irabazi asmorik gabeko gizarte eragileek eta kontsumitzaile elkarteek ere batzordean parte hartzea nahi duela adierazi du aldundiak. Guztira, 50 bat lagunek osatuko dute.
Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuak astelehenean azaldu zuen hondakinen kudeaketa planak zehaztutakoa baino hondakin gutxiago sortzen ari direla Gipuzkoan, eta, beraz, plana berrikusi behar litzatekeela. Aholku batzordearen zereginetako bat horretan datza. Plangintza interpretatzea, hondakinen bilketa aztertzea, hondakinen kudeaketa politiken jarraipena egitea eta, oro har, hondakinen kudeaketaren gaineko azterketak eta proposamenak egitea izango da batzordearen funtzioa. «Batzorde honek zubi lana egingo du planifikatzailearen, kudeaketa egiten duenaren eta gizartearen artean», azaldu du aldundiak.
Aholku batzorde horren «lanaren eta partaideen» gainean azalpenak eman ditzan, Martin Garitano ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu du EAJko batzarkide taldeak.
Atez ateko datuak zalantzan
Bestalde, hondakinen kudeaketarako Bildu proposatzen ari den neurriak kritikatu ditu Denis Itxaso PSE-EEko Gipuzkoako Ingurumen idazkariak. Adierazi du Hernanin atez ateko hondakinen bilketa jarri aurretik 639.000 eta 679.000 hondakin kilo artean jasotzen zirela hilean; eta atez atekoa jarri ondoko lehen hilean, berriz, 474.000 jaso zirela. «Hernaniko bizilagun askok atez atekoaren ukoa erakusten dute, beren hondakinak beste herri batzuetara edo legez kanpoko zabortegietara eramanez», ohartarazi du.
Gainera, atez ateko bilketarekin kaleko garbiketa gastuak handitu egiten dira, Itxasoren esanetan. Hernanin, 2010eko urtarrilean 820 kilo eta 2010eko martxoan 2.400 kilo hondakin jaso zirela kalean, eta iazko hilabete batean 32.960 kilo jaso zirela zehaztu du. «Kolapso ekonomiko eta sozialera goaz», adierazi du Itxasok.
Baina atez atekoa jarriko zutela iragarri zuten udalek aurrera jarraitzen dute beren asmoekin. Astelehenean Zizurkilgo Udalak onartu zuen atez ateko bilketa ezartzea, eta gaur Zarauzkoak eztabaidatuko du mozioa, osoko bilkuran. Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak adierazi du Zarautzek dagoeneko onartu duela atez atekoa jartzea, Bilduk bere programan proposatu zuelako.
Aholku batzorde bat sortu du Gipuzkoako Diputazioak, zaborren politika aztertzeko
Eragile publiko, pribatu eta sozialen 50 bat ordezkarik osatuko dute, proposamenak eta jarraipena egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu