AHT babesteko eta ETA salatzeko proposamena eztabaidatuko dute ostiralean Eusko Legebiltzarrean

Abiadura Handiko Trenaren lanak egiten dabilen enpresa baten kontrako atentatua egin zuen ETAk atzo goizean, eta PSE-EEk aurkeztu du parlamentuan ekimena. Elkarretaratzea egingo dute gaur 20:15ean Zarautzen, Udalak deituta.

2008ko ekainaren 2a
17:55
Entzun
PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean sartutako ekimen baten arabera, ostiral honetan Abiadura Handiko Trena (AHT) babesteko eta ETA salatzeko proposamena eztabaidatuko dute. "Alderdi demokratikook erantzun sendoa eman beharra diogu ETAri", dio PSE-EEk. Eusko Jaurlaritzari AHT "azkartzeko neurriak" hartzeko eskatu dio, bide batez.

Atzo goizean Zarautzen (Gipuzkoa) Amenabar enpresaren egoitzaren kontra atentatua egin zuen ETAk, hiru eta bost kilo arteko lehergailua jarrita. Ertzaintzak gaur esan du amonala erabili zutela erasotzaileek.

Kalte material handiak eragin zituen erasoak. ETAren izenean ezezagun batek telefono deia egin zuen ordubete lehenago Donostiako DYAra, leherketa egongo zela esanez.



PSE-EEk atentatu hori AHTrekin lotu du, Amenabar proiektu hori egiteko lanetan dabilela-eta.

Maiatzaren 12an ere Amenabarren kontrako erasoa egin zuen Hernanin (Gipuzkoa), bi makinen kontra. Orduan ere ETAren izenean ezezagun batek telefono deia egin zuen aurretik. Dena dela, ETAk lehengo ostiralean ateratako agirian, ez zuen bere gain hartu eraso hura.

"ETAk eta bere inguruak denbora asko daramatzate esaten ahal duten dena egingo dutela AHT geratzeko, eta eraikuntzako enpresak eta langileak mehatxatzen dabiltza", esan du gaur Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzarkideak.

Joan den larunbatean AHTren kontrako manifestazioa egin zuten milaka herritarrek, eta Rodriguez ekimen hori antolatu eta babestu zuten eragileei zuzendu zaie. "Beharrezkoa da haiek ere honelako atentatuak baztertzea, baldin eta egitasmoaren kontra egitean zilegitasuna eduki nahi badute".

AHT "Euskadiren ongizaterako" proieku garrantzitsutzat jo du PSE-EEk.

Zarauzko Udalak elkarretaratzea deitu du gaurko atentatua gaitzesteko asmoz. Udaletxe aurrean egingo dute, 20:15etik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.