Tolosaldeko AHT Gelditu taldearen arabera, "onartezina" da AHTko lanengatik jendeak "egunero bere bizia arriskuan jartzea", bai lanean jarduteagatik, baita lanen inguruan bizitzeagatik ere. Taldeak salatu du Hernialden agertutako zuloaren kasuan "dirudienez" ez dela istripurik egon, baina "noiznahi" gerta daitezkeela.
Gaineratu duenez, Hernialdeko obren ondorioz "bi erreka agortu" egin dira —Sorgintxulo eta Zumalikardi—, eta "ehundik gora amuarrain" agertu ziren hilik abuztuan.
Hori horrela, abiadura handiko treneko obrak gelditzeko eskatu dute, "ohiko ezustekoak" gerta ez daitezen. "Argi eta garbi ikusten da gu geu lurraren zati garela; lurra ezinbestean errespetatu eta zaindu behar dugu".
EH Bilduren gaitzespena
EH Bilduko Dani Maeztuk Eusko Legebiltzarrean salatu du AHTaren zuloa gertatu eta bi astera herritarrak izan direla albistea zabaldu dutenak. "Jaurlaritzak ohikotzat jo ditu halako zuloak, eta guretzat ez dute inondik inora ohikoak izan behar; tamalez, ohikoak izaten ari dira mota honetako lur-jausiak". Maeztuk gogoratu du halakoen ondotik "gainkostuak" etortzen direla. Bideoa: Maezturen adierazpenak (EH Bildu):
[youtube]http://youtu.be/ydVSTvcpkHA[/youtube]