AHT. LAPURDIKO ZATIAREN FINANTZAKETA. Gehiegizko inposiziotzat jo dute hautetsiek AHTren finantzaketa

Baiona-Angelu-Miarritze Herri Elkargoak abiadura handiko trenaren finantzaketa onartu beharko du azaroa bukatu aitzin

AITOR RENTERIA BAIONA
2008ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenaren (AHT) finantzaketak ustekabeko harridura eta buruko mina eragin die Lapurdiko hautsiei. Eskualdeko prefetak jakinarazi die Frantziako AHT egitasmoen zenbatekoa. 14.000 milioi euro. Usaian gertatzen ez den bezala, oraingoan tokiko erakundeek, bereziki herri elkargoek, parte hartu beharko dute finantzaketan. Baiona-Angelu-Miarritze Herri Elkargoak, adibidez, 65 milioi euro ordaindu beharko ditu. Krisialdia ate joka ari den garaian kopuru handiegia, batez ere ordaindu gabe eginen zutela pentsatzen zutelarik. Gobernuaren erabakia jakin orduko, «Estatuak Lapurdiko hautetsiak xiringa barruan» sartu dituela adierazi zuen Jean Grenet Baionako auzapez eta Hiri Elkargoko presidenteak. Hautetsi batzuk urrutirago joan dira, eta «Estatuaren gehiegizko inposaketa» salatu dute.

Duela hamar egun eskualdeko prefeta, Akitaniako, Poitou-Charente eskualdeetako presidenteekin bildu zen. Bertara deitu zituzten herri elkargoetako presidenteak. Frantziako AHT xedeen aurrekontua azaldu ondoren, tokiko erakundeek finantzaketaren parte bat ordaindu beharko zutela jakinarazi zien. Hego Lapurdiko hiri elkargoak faxez ukan zuen bilkuraren berri ostiral iluntzean. Astelehenean, jakinarazi zieten 26 milioi euro ordaindu behar zituztela.

Ezohiko prozeduraren aitzinean, ezohiko agerraldia egin zuten astelehenean Baionan. Bertan izan ziren Martine Bisauta eta Bernard Causse Berdeetako kide ohiak eta gaur egun Baionako hautetsiak Greneten zerrendan; Jakes Abeberri eta Mixel Poueyts ABko hautetsiak Miarritzeko Herriko Etxean eta Georges Daubagnat Berdeetako Angeluko Herriko Etxeko hautetsia. «Afera ez da AHTren alde edo kontra agertzea, xedearen inguruan argitasuna eskatzea baizik», erran zuen Bisautak.

Eskatzen dizkioten 65 milioi euroak ordaindu ahal izateko, Hiri Elkargoak mailegua hartu beharko du. «Urtero hiru milioi euro ordaindu beharko ditugu, 40 edo 50 urtez, eta hor erabiltzen den dirua ez da bertze deusetan erabiliko» nabarmendu zuen Bisautak. Bost hautetsiek nabarmendu zuten eztabaida publikoan ez zela aipatu finantzaketaren parte bat Herri Elkargoen gain egongo zenik.

Finantzaketari buruzko kezkak plazaratu zituzten LAB sindikatuak eta ingurumenaren aldeko elkarteak biltzen dituenCADEk ere. Azken honetako presidente Victor Pachonek ohartarazi zuen Europak ez zuela inbertsio handirik eginen eta herritarrek sakelatik ordaindu beharko zutela azpiegitura.

2006ko eztabaida publikoan aditu independenteen parte-hartzea eskatu zuten. Frantziako trenbideak kudeatzen dituen RFF konpainiaren txostena zalantzan ezarri zuten. Eztabaida irailean abiatu zen eta abenduko lehen astera arte ez zen ezagutzera eman suitzar adituen txostena. Gaur egun baliatzen diren trenbidea hobetuz, 2020a baino lehen tren saturaziorik ez zela egonen jakinarazi zuten.

Hala ere, AHT bide berrien aldeko jarrera agertu zuten hautetsi gehienek, garaian Kontseilu Nagusiko presidentea zen Jean Jacques Lasserrek ere bai. RFFk hiru hilabete hartu zituen eztabaidaren bilduma egiteko. 2007ko martxoan AHT ibilbide berria egitea deliberatu zuen Frantziak. Prozedura ere finkatu zuen bertan. Behin betiko ibilbidea 2011n emanen du jakitera RFFk.

2008ko maiatzaren 28an Christian Maudet RFFko arduradunak jakitera eman zuen «menturaz ez zela geltoki berririk eginen Lapurdin».

Ikerketa berrien eske

Aurrekontuak osatzeko prozedurak erresumindu ditu hautetsiak. AHT xede orokorrean dagokien partea ordaindu beharko dute, ibilbidea ezagutu gabe. Horrez gain, xedearen alde egiteko arrazoi nagusia, Uztaritzen eraiki nahi zuten geltokia, zalantzan ezarri du RFFk. Xehetasunik ezagutu gabe, azaroa bukatu baino lehen ordaintzea eskatu die Frantziak. «Nola erranen diogu baietz finantziazioari, jakin gabe nondik pasako den eta non izanen den geltokia?», dio Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak. Hirigintza Bulegoari ikerketa bat egitea agindu dio, «geltokiaren interesak, ondorioak eta trabak neurtzeko».

Jean Grenet Baionako auzapez eta Baiona-Angelu-Miarritze Herri Elkargoko presidenteak ere ikerketa bat aginduko du. «Suitzako adituak ekarri behar badira ekarriko ditugu baina xehetasun guztiak ezagutu behar ditugu aurrekontua bozkatu aitzin», nabarmendu zuen Abeberrik. Lapurdiko ibilbideafinkaturik balego, bederen «Uztaritzeko geltokia Hondarribiko aireportuarekin trukatzeko hautua» legokeela adierazi zuen ABko hautetsiak.

Aurrekontuen osaketa

«Hautetsiek ez dute deus ulertu, eskatzen dietena ez da aurrekontua osatzea, behin-behineko finantzaketan engaiatzea baizik», azaldu du Jean Stephane Devisse WWFko kide eta eztabaida publikoko antolatzaileak. Aurrekontua finkatzeko behin-betiko ibilbidea zehaztu behar da eta inkesta publikoa burutu. Anartean, RFF hitzartutako funtsak bermatu nahi ditu banketxeen engaiamendua lortu ahal izateko. «Krisialdiak dena luza dezake eta iritzi guztien arabera, egiten bada, Bordele-Hendaia arteko xedeak atzerapen handia ukanen du», zehaztu du Devissek.



14.000

AHTren aurrekontua. Frantziak abian ezarri nahi dituen AHT xede guztiak egin ahal izateko, 14.000 milioi euroko aurrekontua osatu behar du. Behin-behineko aurrekontuaren laurden bat tokiko erakundeen gain egotea nahi du Gobernuak.





Inbertsio guztiak gelditu ditu SNCFk, abendura bitartean

Frantziako trenak ustiatzen dituen SNCF konpainiak inbertsio guztiak gelditu ditu, bederen abendura bitartean. Krisialdi ekonomikoaren ondorioz hartu du erabakia. AHTren eraikuntzaren ardura duen RFF konpainiak ez du xehetasunik eman nahi izan horren inguruan, baina errentagarritasuna hobetsiko du.





Hirigintza agentziari ikerketa egitea eskatuko dio Lasserrek

Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak AHTren ibilbideari eta balizko geltokiari buruzko ikerketa egin dezala agindu dio Hirigintza Agentziari. «Geltoki baten interesak, ondorioak eta trabak» azter ditzala eskatu dio, hautetsien iritzia jakinaren gainean plazaratu ahal izateko.





Nola erranen diogu baietz finantzaketa horri, jakin gabe nondik pasatuko den eta non izanen den geltokia?»

Jean Jacques Lasserre
Hautetsien Kontseiluko presidentea




Abiadura handiko trenak lehiakorrago bihurtzen ditu herriak, eta hazteko aukera ematen die»

antonio gonzalez
Adifeko lehendakaria




Desjabetzeen aurkako protestak Durangaldean

Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak antolatuta, gaur elkarretaratzea egingo dute Iurretako (Bizkaia) udaletxearen aurrean, eta bihar Durangokoan, desjabetze akten sinaduraren aurka protesta egiteko. Bihar geldialdira deitu dute Iurreta eta Durangoko ikastetxeetan, eta manifestazioa egingo dute 11:30ean.





Murrizketak Nafarroako korridorearen aurrekontuan

Nafarroako Gobernuko Garraio, Komunikazio eta Herrilan kontseilariak berriki Parlamentuan jakinarazi duenez, aurrekontuetan milioi bat euroko murrizketa izango du Nafarroako korridoreari bideratuko zaion diruak. «Aurreikusia zegoen guztia egingo da, baina aurrekontuek uzten diguten erritmoan», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.