AHT proiektuaz informazio gutxi jaso dutela diote herritar gehienek

Inkestaren arabera, %70 herritarrek inoiz ez edo oso gutxitan erabiliko lukete azpiegitura berria

inaki petxarroman
2007ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Herritar gehienek oso informazio gutxi jaso dute Euskal Y Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren gainean. Herri kaltetuetan egindako inkestaren arabera, %42 herritarrek aitortu dute batere informaziorik ez dutela jaso; %33k, berri, informazio gutxi. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Irunen egindako ikerketan, berriz, antzeko emaitzak dira: %44k batere informaziorik ez dute jaso, eta%33k informazio gutxi.

Atzo aurkeztu zuten Donostian, AHT Gelditu! Elkarlanak eskatuta, unibertsitate irakasle eta soziologo talde batek Euskal Yaren gainean egindako azterketa. Otsailaren 22 eta 26 bitartean azpiegitura berria igaroko den 42 udalerritako 669 herritarren artean egin dute galdeketa, telefonoz. Aldi berean, beste galdeketa bat egin dute hiru hiriburuetan eta Irunen, 553 lagunen artean. Emaitza «oso fidagarria» dela esan zuen aditu talde horretako Marta Luxan soziologoak, akats tartea «oso txikia» delako.

Informazioa

Azpiegituraren kontu zehatzei buruz galdetu zaienean, agerian geratu da herritarrek ez dutela informaziorik. Herritar gehienek ez dakite zein izango den txartelen prezioa, zein den erabiltzaile aurreikuspena, zenbateko kostua izango duen edo nolako eragina errepideko trafikoan. Aldiz, informazio gehiago dute nekazaritzan izango dituen ondorioez edo ingurumen kalteez. «Hain zuzen ere,AHTren aurkako mugimenduarentzat garrantzi berezia duten bi gaieninguruan», adierazi zuen Iñaki Iurrebaso soziologoak, datuen irakurketa eginez. Iurrebasok datu bat azpimarratu zuen informazio gabezia horren isla moduan: %35 herritarrek ez dakite euren udalerritik igaroko dela trena, eta dakietenetatik %59k ez dakite zein tokitatik igaroko den. Ezjakintasuna handiagoa da, oraindik ere, hiriburuetan,%80k ez baitakite AHTk euren hirian nondik norako ibilbidea egingo duen. Ildo horretan, herritarren gehiengo zabal batek (%69) adierazi du instituzioek proiektuari buruz emandako informazioa ez dela nahikoa izan. Gainera, erdiek baino gehiagok (%54) «interesatutzat» jo dute emandako informazioa, eta bakarrik %12k uste dute objektiboa izan dela. Hiriburuetako herritar gehienek ere bat egin dute iritzi horrekin, %66k «gutxiegitzat» jo baitute Administrazioak emandako informazioa. Eskainitako hori objektiboa izan dela %14k uste dute bakarrik.

Parte hartzea

Parte-hartzearen inguruan ere, herritarrek argi azaldu dute ez dutela behar beste parte hartu proiektu honetan. Trenbidea igaroko den herrietako biztanleen %71k uste dute ez zaiela behar beste aukerarik eman eztabaida eta erabakietan parte hartzeko. Hiriburuetan, kopurua pixka bat txikiagoa izan da: %62. Hala ere, galdera zehatz bat egin diete inkesta egileek herritarrei: «Zuk zeuk inoiz jaso al duzu erakunde publikoren baten gonbita AHTren inguruko fororen batean zure iritzia emateko?». Galdetutako herritarren %1ek bakarrik esan du baietz. Gainera, horietako gehienek zehaztu dute tokiko administrazioek edo gizarte elkarteek antolatutako ekimenetan izan dela. Kasu honetan, gainera, hiriburuetako eta herrietako emaitzak, berak izan dira.

Erabiltzeko asmoa

Herritar gehienek aitortu dute, eginez gero, ez luketela behin ere erabiliko abiadura handiko tren berria. Herrietan %42k erantzun dute inoiz ez dutela erabiliko; hirietan, aldiz, %31k. Urtean, behin edo behin, %34k erabiliko lukete, herrietan; eta, %39k, hirietan. Herrietan %0,3k bakarrik esan du erabiliko duela egunero, eta %2k astero. Hirietan, %1k erabiliko luke egunero, eta %3k astero.

AHTri buruzko iritziak

Inkestan parte hartu duten herritar gehienek informazio gehiago eskatu dute, egitasmoaren alde edo kontra dauden erabakitzeko. Hain zuzen ere, herrietan %46k eskatu dute informazio gehiago, eta %45k hirietan. Hiriburuetan gehiago dira Euskal Yaren alde agertu direnak kontra agertutakoak baino. Hain zuzen ere, %41 AHT egitasmoaren alde agertu dira, eta %9 aurka. Herrietan, %23 dira alde agertutakoak, eta %25, aldiz, aurkakoak.

Ildo horretan, Iurrebasok lotu egin zituen bi atal: alegia, informazio maila eta proiektuari buruzko iritzi edo jarrera. Ildo horretan, inkestak hauxe ondorioztatu du: «Zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta okerrago irizten diote herritarrek». Hala, bere herritik nondik nora joango den zehatz dakitenen kasuan %68 aurka agertu dira, eta %32 alde. Aldiz, egitasmoari buruz sekula ezer entzun ez dutenen %64 alde agertu dira, eta bakarrik %36 aurka.



Zenbakia

%1

Galdetutako herritarren %1ek soilik aitortu du inoiz parte hartu ahal izan duela eta bere iritzia eman AHTren inguruko fororen batean.





AHT Gelditu! Elkarlana: «Lanak eten, informazioa zabaldu eta eztabaidari ekiteko garaia da»

Datozen asteetan ikerketaren emaitzak zabalduko ditu elkarlanak beste eragileen artean
I.P.

Donostia

AHT Gelditu! Elkarlanak adierazi du ez dela eraikuntza lanak hasteko garaia. Aitzitik, hasitakoak gelditu, «informazio objektiboa zabaldu» eta AHTren nahiz haren oinarriandagoen lurralde antolaketa eta herri ereduaren inguruko gizarte eztabaida «zabal eta parte hartzaileari» ekiteko ordua da, haren iritziz.

AHT Gelditu! Elkarlanak atzo aurkeztutako azterketaren emaitzen irakurketa politikoa egin zuen atzo. Arkaitz Rodriguezek azaldu zuenez, emaitzek Elkarlanaren «aspaldiko salaketa» indartu dute: alegia, instituzioek ez dutela AHTri buruzko informaziorik eman, eta ez dutela aukerarik eman herritarrek esku hartzeko. «Gasteizko eta Madrilgo Gobernuek informazio objektiboa emateari uko egin diote, badakitelako jendeak proiektu honek eragingo lituzkeen kalte ekologiko, ekonomiko, sozial eta kultural ikaragarrien berri izango balu, aurka egingo lukeela», esan zuen Rodriguezek. Ildo horretan, informazioa «propaganda eta marketinarekin» ordezkatzea leporatu zien egitasmoaren bultzatzaileei.

Elkarlanaren iritziz, instituzioak eztabaidaren «beldur» dira, «gehiengo sozial eta sindikala» ez dagoelako prest «halako erokeria onartzeko». Ildo horretan, proiektua «inposatzea» leporatu zioten administrazioari, eta herritarren erabaki ahalmena «bahitzea».«Proiektua inposatu nahi dute, batzuentzat itzelezko negozioa delako», gaineratu zuen Rodriguezek. Hala ere, ziurtatu zuen herritarrek ez dutela onartu, eta aurrerantzean ere ez dutela onartuko «inposaketa».

Ildo horretan, Elkarlanak adierazi zuen garaia dela herritarrei hitza eman eta euren borondatea errespetatzeko.



IKERKETA ZABALTZEKO ASMOA. Herritarrei inkestaren emaitzen inguruko informazioa zabaltzeko ardura hartu zuen bere gain AHT Gelditu! Elkarlanak. «Herri honetako eragile sozial eta sindikalekin bilduko gara ikerketaren emaitzen eta aipatutako gogoetaren berri emateko». Izan ere, Rodriguezek adierazi zuen jendarteak «eskubide osoa» duela instituzioak «ezkutatzen ari zaizkien hori» ezagutzeko.

Ildo horretan, gizarte eragile, sindikatu eta alderdiek osatutako elkarteak deia egin dio gizarteari AHT «berehala gelditu» eta eztabaidaren aldeko aldarriarekin bat egin dezan.



«Informazioa emateari uko egin diote, badakitelako, izango balu, jendeak aurka egingo lukeela»

arkaitz rodriguez
AHT GELDITU! ELKARLANA
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.