Adikzioen lege proiektua onartu duzue. Neurri gogorrak ditu.
Europarrak garela esaten dugunean eta beste herrialde batzuetako ohiturak kontuan hartzen ditugunean, miretsi egiten ditugu. Kontua da koherentzia batekin hori berton ezartzea. Gizarte osasuntsuago bat egitea da helburua.
Eztabaida sortu du lurpetik gasa ateratzeko fracking teknikak. Bozetan esan zenuen ez zenuela onartuko ingurumen bermerik ezean. Betetzen ari dira horiek?
Bai. Zorrotz, gainera. Azterketetan ere zorroztasun guztiaz bete behar dira ingurumen neurriak.
Ateak irekiak ditu ustiaketak?
Ez da ateak irekiak dituen edo ez. Ikerketa da kontuan hartu beharrekoa. Oso baliabide eskasak ditugu. Egia bada zoru azpian gas poltsa bat dagoela eta hori baliabidea dela, aztertu beharko litzateke, ingurumen neurri zorrotzenak ezarrita. Bada legebiltzarrean aintzat hartu den herri ekimen bat, legea aztertzeko. Hor dago zentzuz aztertzeko aukera. Orain arte eztabaida politikoa izan baldin bada, indar politikoek badute aukera ondo sakontzeko. Legea hobetu behar bada, nik bat egiten dut.
AHTko obrak amaitzeko epea jartzera ausartuko zinateke?
Ez da gure eskumena; Espainiako Gobernuarena da. Guk aldarrikatu dugu 2020rako bukatu beharko liratekeela. Esan genuen 2016rako, 2017rako... Baina Espainiako Gobernuaren eskumena den neurrian, hark esan beharko du. Aldarrikatzen ari gatzaizkio 2020a epemuga bezala.
Eta Gasteiztik Parisera, adibidez, noiz joan ahalko da AHTan?
Hori Frantziak erabaki beharko du. Ez da bakarrik guk hemen zer aldarrikatzen dugun. Iaz, Akitaniako presidenteak eta biok gutun bat helarazi genien Espainiako eta Frantziako presidenteei, esanez Frantziako Errepublikak eta Gobernuak ere apustua egin beharko luketela Euskadi eta Akitania eta, beraz, Espainiako eta Frantziako estatuak lotuko lituzkeen AHTa lehentasun jartzeko. Frantziak ere badu zeresana.
Frantziak obra egin ezean, zentzua galduko du Euskal Y-ak?
Ez. Badira beste lotura mota batzuk AHTa irudika dezaketenak.
Aldundiek dute hondakinen eskumena. EAEkoa beharko luke?
Eztabaida polita da. Osotasun zentzu bat emango lioke horrek.
Gipuzkoako zaborra Zabalgarbira eramatea, esate baterako, ez zenuke oker ikusiko, hortaz?
Orain arte ere eraman dira, ezta? Hori lurralde arteko akordioa da.
Alardea. Hondarribian, udalak eskatu du Jaizkibel talde parekidea alarde ez-parekidearen atzetik joatea. EAJk horren alde bozkatu du. Zer iritzi duzu zuk?
EAJk Hondarribian horren aldeko botoa eman du; EAJ autonomia erkidegoan, gobernuaren eskumenen artean, bere ekinbidea egiten ari da. Jaizkibel konpainiak aitortu du Jaurlaritzaren lana.
EAJko alkateak uko egiten dio Jaizkibeli harrera egiteari, eta EAJk Emakundeko burua igortzen du. Nola ulertzen da hori?
Indar politiko guztietan gertatzen da, ez bakarrik EAJn. Pixkanaka aukera berdintasunaren zentzuan urratsak egin behar dira. Konturik eta handienaz egin behar da: ohiturak zeintzuk izan diren eta zelako aldaketa izan daitekeen, gizarte aldaketa nola datorren, nola lantzen dugun aukera berdintasun zentzu hori... Jaurlaritzan ari gara, begirune guztia gordez. Indar politiko guztiek dute beren barru eztabaida.
Barru eztabaida. Kontraesana?
Kontraesana gehiegi esatea da. Barruko eztabaida, gauza batzuk, bere tokikotasunean oinarrituta, bereak balira bezala baino ez direlako begiratzen. Uste dut harago joan behar dela.
Hondarribian eta Irunen ikusiko dugu sailbururik edo lehendakaririk?
Ezker abertzaleak eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak kritika egin dit ez egoteagatik. Bere patxadan egin behar dira gauzak. Garrantzitsua da Emakunderen zuzendari orokorra egotea eta Bake eta Bizikidetzarako idazkariak bileretan parte hartzea. Etorriko da etorri beharrekoa.
Hizkuntz politikan pauso bat emateko aukeraz, itun berri bati buruz mintzo dira. Eusko Jaurlaritzak bultzatuko du halakorik?
Aurrera eraman nahi dugu agenda estrategiko bat. Jaurlaritzak oso konpromiso argia eta nabarmena du. Euskararen gaia zeharkakoa da; garrantzia eman nahi diogu. Indar politikoekin kontsentsua landu nahi dugu; gizartearekin, elkarlana. Bizikidetzarako tresna izan behar da euskara.
Akordio berri handirik ez, beraz?
Bada. Izaten ari da. Orain aste bat berritu dugu Euskararen Aholku Batzordea; hainbat eragilek parte hartzen dute. Agenda estrategikoa erabiltzen ari gara. Jaurlaritzan hainbat helburu finkatu ditugu: Osakidetzan, Ertzaintzan, Justizia Sailean... Nahiko akordio landu ditugu orain arte ere.
Aldaketa handiak izan dira euskarazko hedabideen diru laguntzetan. Irismena kontzeptu berria sartu duzue, eta puntuen %70 eman. Zuzena izan da?
Kontuan hartu behar da hedabide bakoitzak zer esparru duen, horren barruan euskal hiztunen zer portzentaje dagoen, eta hedabide bakoitza zenbatengana iristen den. Irizpide berria da, eta justua.
Neurri zuzentzailerik izango da?
Izaten ari da. Dekretuak garatu ahala, izango dira irizpide zuzentzaileak. Izan dira orain arte ere.
Kontsumo mailaren araberakoa izan beharko luke laguntzak?
Kontsumoaren araberakoa ez. %70ekoa da irismenaren portzentajea. Aurrekontuetan finkatutako diru laguntza 30 herri aldizkaritara iristen da; oker ez banago, 190.000 biztanle. BERRIA egunkariak, proiektu bezala, aurrekontu txikiagoa egin du. Hori guztia kontuan hartuz, irizpide justuak dira.
Aurtengo aurrekontuan %1 baino gutxiago izango da hizkuntz politikarako. Proportzioan Jaurlaritzaren aurrekontua bera baino gutxiago hazi da sail hori.
%1 hizkuntza politikan. Kontuan hartu behar da euskarari zenbat ematen diogun Jaurlaritzan eta gainontzeko programetan. Uste dut nahiko berdintsu gaudela.
Konpromiso bat hartzeko prest zeundeke urtero gutxieneko diru portzentaje bat jartzeko?
Guretzat euskara giltzarria da. Gure nortasunaren ikur nagusienetakoa da. Zintzoak izan behar dugu. Orain 30 urte, %20 hiztun zeuden, eta %37 egun. Esan behar da hezkuntza sistemak 200.000 ikasle ekarri dituela, eta euskaltegiek, beste 100.000. Gazteak dira guretzat lehentasuna; erabilpena da lehentasuna, eremu formaletatik kanpo, hezkuntza sistematik kanpo. Horretan ari gara.
Aurrekontu portzentaje minimorik ez, beraz?
Hori oso erlatiboa da. %0,7arena bezala. Zertaz ari gara? %0,7 lankidetzarako. Krisia datorrenean zer erakundek ematen du? %0,7 zer da, gastu orokorra kontuan hartuz, ala zer zentzutan? Oso erlatiboa da. Berdin azpiegitura publikoetatik %1 kulturarako izatea. Zenbat dira urtean? Erlatiboa da.
Gizarteko babes sistema areagotzeko, zergak igo behar dira?
Ez. Espainiako Estatua da Europako Batasunean presio fiskal baxuena duena. Gero eta zaharkituagoa den gizartea gara. Gizarte zerbitzuak eta laguntzak eskaintzea eskatzen du horrek. Jaiotze tasa gutxienekoa bada, ez dago langilerik gizarte zerbitzuak babesteko bermea emateko. Gogoeta sakona da. Egungo babes sistematik harago goaz: mendekotasuna. Zerga berririk izan beharko litzateke mendekotasunaren aurrean zerbitzuak bermatzeko?
Zure ustez, bai?
Gogoeta egin behar dugu.
Juan Maria Aburto sailburuaren ordezkoa pentsatuta daukazu?
Ideia bat badaukat, bai.
Noiz utziko du kargua?
Nik sailarentzat egokiena dela uste dudanean. Hurrengo bi hilabeteetan izan daiteke.
Aldaketa gehiago izango dira?
Ez. Momentu honetan Aburtoren egoera besterik ez daukat buruan.
Ustelkeria kasu ugari ikusten ari gara; hemen ere badira salaketak. Nola ikusten duzu egoera?
Tamalez eta mingostasunez. EAEn epaileen aurrean salatutako hainbat kasu artxibatu egin dira; horrek badu, beraz, alferrekotasun puntu bat. Egia ez den gauza bat salatzen da. Baina horrek gizartean sortzen du egonezina. Horrek kezkatu egiten nau; azkenean, sistema kolokan jartzea da. Gizarteari argi esan behar zaio, eta zintzotasun osoz diot, politikagintzan dihardugun gehienok ondradutasunez aritzen garela.
Ustelkeriagatik salatua dagoen herri ordezkari batek noiz utzi beharko luke kargua?
EAJren erantzukizuna neukanean izan genituen praktika itsusiak izan zitezkeenak —eta gauza ezberdinak dira erakunde ustelkeria eta praktika itsusiak egitea—. Auzipetuak izan zirenean, alderdiak baztertu egin zituen. Horrek badauka beste zentzu bat ere: errugabetasun printzipioa non kokatzen dugu? Salaketak egiten dira pertsonen aurka, eta epaitegietara eramandako hainbat kasu artxibatu egin dira. Non geratzen da salatua izan denaren ohorea? Gogoeta egin beharko genuke, zer den benetan aldarrikatzen dugun errugabetasun printzipioa.
Ate birakariei buruz asko hitz egiten da. Kargu politikoak bete, eta horietatik zuzenean enpresa handietan karguak hartu. Hemen ere badira kasu batzuk. Zer iritzi duzu horri buruz?
Ez dakit zeintzuk diren kasu horiek. Nik ezagutzen dudanetako bat, nabarmenena izan dena eta EAJrekin zerikusia duena, pertsona horrek alderdia utzi zuen, ez kargu publiko bat. Ez da berdin alderdiaren erantzukizuna uztea, edo kargu politiko publiko bat.
Ez nintzen zehazki ari Josu Jon Imazen kasuaz...
Nik uste dut baietz. Biraka dabilen ateaz erabiltzen den adibide bat hori delako. Guk hartu ditugu neurriak: bi urteko epea izan behar da erakundeetako kargu publikoa uztetik horrelako erantzukizun bat hartu ahal izateko.