Azpiegiturek ere badute tokia bozetarako kanpainan, batez ere, AHTaren neurrikoak izanik. Izan ere, Espainiako jarduneko Sustapen ministroak ohartarazi du Madrilek ez duela finantzatuko hura Bilbora lurpetik sartzeko beharko litzatekeen "lan faraonikoa". Iñigo Urkullu lehendakariak gogor gaitzetsi ditu ministroaren hitzak, eta "itxaropen faltsuak" piztea egotzi dio Mariano Rajoyren gobernuari.
Halakoetan ohi den moduan, ordea, ez dira isilik geratu Alderdi Popularrean, eta Bilbora egindako bisita baliatu du Soraya Saenz de Santamaria popularrak lehendakariari erantzuteko: "Tamalgarria da kanpainan egote hutsagatik EAJk elkarrekin egin ditugun gauzak gutxiestea. Urkullu kezkatuta dago, baina ez Bilboko lanengatik, horien esleipenagatik baizik".