AHTaren aurkako bizikleta martxa hasi dute gaur Martzillan, Nafarroako AHT gelditu! plataformak antolatuta. Lau etapa izango ditu gaurtik igandera bitartean, Martzilla eta Altsasu artean. Guztira, ia 200 kilometro egingo dituzte bizikletan, eta tartean hitzaldiak izango dituzte, eta hainbat bisitaldi egin.
Lehen etapak Martzilla eta Tafalla lotuko ditu. Parte hartzaileak 10:00etan abiatu dira, eta 19:00ak aldera egingo diete ongi etorria helmugan. Aurretik, besteak beste, Nafarroako ubidearen inguruko solasaldi bat izango dute, Urbizi elkartearen eskutik.
Bihar, Tafallatik Iruñerako bidea hartuko dute, 46 kilometrokoa, tartean Nafarroako Plan Energetikoari buruzko hitzaldi bat entzuteko aukera ere izango dute. Larunbatean, Iruñetik Irurtzunerako bidea egingo dute, eta igandean, handik Altsasura joango dira. Han egingo dute amaiera ekitaldia. Aurretik, AHTaren aurkako monolitoa inauguratuko dute, Etxarri Aranatzen.