Abiadura handiko trenaren Gidaritza Batzordea Bordelen (Frantzia) bilduko da gaur arratsaldean, Lapurdiko AHTaren 500 metroko zabalerari buruz erabaki bat hartzeko, eta Iparraldeko hainbat hautetsi hara joango dira, Lapurdin trenaren bide berriaren egitasmoa bertan behera uzteko eskatzeko.
Hori jakinarazi zuten lehengo astean Paul Baudry, Roland Hirigoien eta Mixel Hiriart Errobi Errobi-Aturri eta Lapurdi Hegoaldeko herri elkargoetako presidenteek. "Prefetak ibilbidea onartzen badu ere, Ipar Euskal Herriko herritarrak eta hautetsiak xede horren aurka gaudela ikusi behar du Parisek", zioen Hiriartek.
Citec etxeko adituek egin berri duten ikerketan oinarritu dute eskaria eta, herri elkargoetako presidenteen erabakia sostengatzeko, haiekin bat egin zuten, bertzeak bertze, Alain Iriart kontseilari nagusiak, Christine Bessonart Senpereko auzapezak, Odile del Coral Urruñako auzapezak eta Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezak.
Espainiako eta Frantziako adituek egindako txostenak ikertu ditu Citec etxeak, txosten horien arteko osagarritasuna eta kontraesanak bilatuz. Bi helburu nagusi zituen adituen ikerketak: batetik, trenbide sarearen saturazio heina finkatzea; bertze alde batetik, aztertzea alderik ba ote den Lapurdin AHT bide berria eginez, eta gaurko bideak egokituz. Ikerketaren arabera, Euskal Y-a eginen balitz eta Espainiako trenbideen zabalera Europako arauetara egokituko balitz, Lapurdin bide berria egin gabe, 40 minutu beharko lirateke Baiona-Donostia lotura egiteko. Lapurdiko AHT bide berria eginez, 38 minutu. Bi minutu aurreratuko lirateke.
Nazioarteko loturei dagokienez, Lapurdiko bide berria egin gabe zazpi oren eta hogei minutu beharko lirateke Paris-Madril lotura egiteko. Bordele-Baiona lotura egiteko, bi oren eta 26 minutu. Lapurdiko bide berria eginez, sei oren eta 48 minutu beharko lirateke Paristik Madrilera, eta bi oren eta hamabi minutu Bordeletik Bilbora joateko. Bi kasuetan, hamalau minutu baino ez lirateke irabaziko.
"Balio ote du milaka milioi euro xahutzeak Paris eta Madril artean hamalau minutu irabazteko?", galdetu du Hirigoienek. Lapurdiko hautetsiek erran dute ez duela zentzurik. "Egunero Lapurdin geldituko ez diren hamar tren pasatzeko, milaka milioi balio duen trenbide bat egin nahi dute", adierazi du Hiriartek. Xede hori bultzatu aitzin AHTaren errentagarritasunari buruzko inkestarik ez egitea deitoratu du.