"AHTa jasangaitza" eta "EAJ hipokritak" leloak zeramatzaten kartelak atera dituzte zazpi lagunek Donostiako Kursaaleko areto bateko oholtzan. Eusko Jaurlaritzak antolatuta, 25 urte jasangarritasunaren alde ekitaldia egiten ari ziren, eta mugimenduak jakinarazi duenez, saioa bi minutuz eten da ekintzaren ondorioz.
Iturri beraren arabera, segurtasun zerbitzuek "azkar eta modu zakarrean" atera dituzte ekintzaileak, eta zazpi lagunak identifikatu egin dituzte.
Bien bitartean, Kursaal kanpoaldean elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek, AHT Gelditu Elkarlanak deituta. Manifestariek AHTaren eta Gaintxurizketako plataforma logistikoaren aurkako pankartak zabaldu dituzte.