Ondo bidean, Donostiakoa izango da AHT abiadura handiko trenak Hegoaldean prest izango duen lehen geltokia. Obrak lizitatu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta lanak 2020. urteko apirilean hastea aurreikusi dute; azaldu dutenez, 42 hilabete iraungo dute, eta, beraz, 2023. urterako amaituta behar lukete. Proiektuak 97 milioi euroko aurrekontua du, nahiz eta inbertsio osoa 101,5 milioikoa izango den, Jaurlaritzaren arabera.
Gaur goizean eman dute albistearen berri Donostian Eneko Goia alkateak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak. Donostiako alkateak «berri on bat aurkeztera» joan dela esan du, eta AHTa iristeak izan dezakeen garrantziaz gain, aurkeztu duten proiektua «hiriarentzat urbanistikoki garrantzitsua» izango dela nabarmendu du. Obrak izango dituen hiru ardatz nagusiak aurkezteaz arduratu da Goia: geltokiaren gainean eraikiko duten plaza handia, Tabakaleraren parean —ia 6.000 metro koadro izango ditu—; trenbidearen azpitik igarotzen den Egiako pasabidearen zabalkuntza eta hobekuntza; eta gune intermodal baten sorrera, autobus geltokia eta AHTaren eta aldiriko trenen geltokia batuko dituena. «Gune neuralgiko bat» sortuko da Goiaren ustez.
Xehetasun gehiago eman ditu Tapiak. Besteak beste, azaldu du egungo geltokiaren altuera handitu egingo dela —eraikina berritu egingo da—, baita Tabakaleraren pareko plazak inklinazio bat izango duela ere, «anfiteatro moduko bat» izan dadin. Nabarmendu du obra horrek hiria «josi» egingo duela. Bestalde, goraipatu egin du Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana: finantzaketa Espainiako Sustapen Ministerioaren esku egongo den arren, Eusko Jaurlaritza izango da eraikuntzaren arduraduna, 2017. urtean egindako akordio baten ondorioz. Tapia pozik agertu da, «Euskadirentzat oso garrantzitsua baita iparraldera eta hegoaldera ondo konektatuta egotea».
Jesus Loza Madrilen ordezkariak ere bi erakundeen arteko «auzolana» nabarmendu du, «gakoa izan delako proiektu estrategiko hori aurrera eramateko». Bere hitzetan, «AHTa Espainiako Gobernuak Euskadin inoiz egin duen inbertsiorik handiena da».
Atotxako tren geltoki berriak lau solairu izango ditu baina, ahal den neurrian, egungoaren arkitektura errespetatzen saiatu dira arkitektoak. Egungo markesina eta Maria Kristina zubiaren pareko zutabedia mantendu egingo dira. Obrek irauten duten bitartean, behin-behineko geltoki bat eraikiko da; Nestor Basterretxea plazatik izango du sarbidea, eta egungoaren parean egongo da.
Atzerapenak
Aurtengo apirilean eginiko adierazpenetan, Eusko Jaurlaritzak 2024. urtean jarri zuen AHTa martxan jartzeko epea, baina hainbat buruhauste sortzen ari zaizkio hiriburuetako geltokiak direla eta. Tapiak orduan esan zuenez, «hauteskundeen ostean Espainian agintzen duen alderdia ez da traba izango» proiektuarentzat, lanak «geldiezinak» baitira. Obra zibilak 2023rako amaituko zituztela esan zuen; orduan, «super egitura» delakoa eraikitzea faltako litzateke —errailak, elektrizitate sistemak, transformadoreak...—, baina horien lizitazioa ADIF Espainiako Burdinbide Azpiegituren Kudeatzailearen esku dago.
Ordutik, ordea, lanak gehiago atzeratuko direla iradoki du Jaurlaritzak. Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak uztailean Radio Euskadiri eginiko adierazpenetan, atzerapena «handia» dela aitortu zuen, baita gehiago atzeratzeko «beldurra» dutela ere. Gasteizko eta Bilboko geltokiak dira arazo nagusia. Espainiako Gobernuak oraindik ez du proiekturik aurkeztu Gasteizerako, eta jada iragarri du uste baino handiagoa izango dela aurrekontua —724 milioi eurokoa izan beharrean, 872 milioikoa—. Tapiak Espainia ez zela traba izango esan arren, Aizek esan zuen lanak atzeratzearen arrazoia «Espainiako ezegonkortasun politikoa» dela. Bilbon, berriz, obrak 2020. urteko ekainean lizitatzea espero dute. AHTa lur azpitik iritsiko da Abandoko estaziora, eta obra horiek 730 milioi euro inguruko kostua izango dute; 2023rako amaituta behar lukete.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako AHTaren sarea Nafarroakoarekin nola lotu ere ez dute argitu oraindik. Bi dira aukerak: Gasteiztik edo Ezkio-Itsasotik egin liteke.