Salburua eta Zabalgana arteko trenbidea lur azpitik joan dadin nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako proposamena luzatu dio Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak Espainiako Sustapen Ministerioari.
Oregik azpimarratu du proiektua teknikoki eta ekonomikoki "bideragarria" dela. Azaldu duenez, irailaren 22an Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroarekin eginiko bileran, adostu zuten Gasteiz, Bilbo eta Donostiarako sarrerak urte amaiera baino lehen definitzea. Gogorarazi du Madrilen asmoa dela trena Lakuatik sartzea, eta asmo horren kostua 500 milioi eurokoa dela.
2012an onartu zuen proiektu hori Espainiako Gobernuak, eta, Oregik gogorarazi duenez, Madrilek gerora aitortu du ezin duela aurrera eraman kostu ekonomiko handia duela-eta. Hortaz, "behin-behineko" irtenbide bat proposatu du, 189 milioiko kostua duena. Oregiren hitzetan, ordea, inbertsio hori "ez da erabilgarria behin betiko irtenbidean", eta trenbidea lurperatzea defendatu du.
Zehazki, Jaurlaritzak proposatu du "epeka" lurperatzea, trenbideak hiri erdigunean sortzen duen zatiketa eteteko. Oregik "berritzailetzat" jo du proposamena, eta zenbakiak jarri dizkio: 270 milioi euro lehen fasean, behin betiko proiekturako balio dezakeen behin-behineko irtenbide bat emateko; 485 milioi euroko kostua izango luke guztira. Jaurlaritza prest legoke finantzaketan parte hartzeko, Oregiren esanetan.