Abiadura handiko trena (AHT) gelditzeko asmoz konpromisoak bildu nahi ditu AHT Gelditu! Elkarlanak, eta horretarako maiatzaren 9an manifestazioa egingo dute, Iruñean, Nik ere AHT geldituko dut! lelopean. Kanpaina horrekin, helburua norbanakoen eta kolektiboen atxikimenduak eta konpromisoak jasotzea da; “AHTren aurka aurpegia eman nahi dugunak asko garela adieraztea”.
Horregatik, AHTren egoera Nafarroan eta horren finantzazioari buruz azken asteotan sortutako polemika aipatu nahi dituzte: “UPN eta PSN alderdiek AHT Nafarroan barrena egiteko finantzazioa aurreratzeko akordioa egin dute, Espainiako Gobernua presionatu eta azpiegitura Nafarroan egiteko beharrezko diren tramiteak azkartzen ahalegintzeko”.
Horrez gain, AHTa Nafarroan egiten bada herritar bakoitzari 4.790 euro kostako zaizkiola jakinarazi dute. Egungo egoera sozioekonomikoa kontutan hartuta, Miguel Sanz Nafarroako presidentearen Gobernuak ekonomikoki bideragarria ez den eta sozialki bidezkoa ez den azpiegiturarako diru-kopuru izugarriak aurreratu nahi dituztela adierazi dute. “Diru publikoa egungo hondamendi ekonomikora eraman gaituen eta gizakion arteko desberdintasuna handitzen duen gizarte-eredua areagotzeko diseinatua dagoen azpiegiturara desbideratuz”.
Bestalde, PP eta PSE-EEk AHTaren lanak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azkartzearen nahiaren aurrean, lehiaketa balitz bezala erabiltzea eta finantza krisiaren konponbidea bezala saldu nahi izatea salatu dute: “AHTaren eraikitze lanetan lanpostu gehiago sortuko direla iragarri dute PPk eta PSE-EEk”.
AHTren kontrako manifestazioa
AHTaren kontrako manifestazioa egingo dute maiatzaren 9an, Iruñean
'Nik ere AHT geldituko dut!' lelopean norbanakoen eta kolektiboen atxikimenduak eta konpromisoak jasotzea du helburu =lAHT Gelditu! Elkarlanak==http://www.ahtgelditu.org/=l.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu