azpiegiturak

AHTaren kontrako sei ekintzaileri denera hiru urteko kartzela zigorra jarri diete, Urbinako liskarrengatik

Auzipetu bati urtebeteko espetxe zigorra jarri dio, ertzain bat jo zuela egotzita. Lauri desordena publikoak leporatu dizkie, eta bati desobedentzia delitu txiki bat.

2012ko urtarrilaren 11
18:32
Entzun

Elena Cabero Gasteizko Epaitegiko epaileak abiadura handiko trenaren aurkako sei ekintzaileri denera hiru urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra jarri die, 2009an Urbinan Ertzaintzarekin izandako liskarrengatik. Ondorioz, ez dituzte espetxeratuko.

Fiskalak guztira bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu zuen epaiketan, eta defentsak absoluzioa, Pablo Remirez auzipetuaren kasuan izan ezik, haren abokatuak Ministerio Publikoarekin akordio bat egin baitzuen —Remirezek aitortu zuen jo egin zuela ertzain bat—.

2009ko urtarrilaren 17an izan zen gertaera, AHTaren aurkako protesta batean. Mila bat lagun bildu ziren Urbinako plazan, AHT Gelditu! plataformak deituta, eta trenaren lan batzuetako eremu batera joan ziren. Bide bat moztu egin zuten, Ertzaintza oldartu egin zitzaien eta epaiak dio manifestariek ertzainei harriak bota zizkietela. Polizia eta manifestari batzuk zauritu egin ziren. Zortzi ekintzaile atxilotu zituzten, eta azkenean sei auzipetu zituzten.

Epaileak Remirezi urtebeteko espetxe zigorra, 815 euroko kalteordaina eta 180 euroko isuna jarri dio, ertzain bat jo zuela leporatuta. Julio Martin, Justo Arriola, Aitor Aspuru eta Imanol Madariagari zazpi hilabeteko kartzela, desordenu publikoak egotzita. Ekaitz Lotinari 120 euroko isuna ipini dio, desobedentzia delitu txiki bat egin zuelakoan —Madariaga eta Arriolari ere isun bera jarri die—.

Defentsako abokatu batek Arabako Auzitegian helegitea jarriko duela aurreratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.