"10.000 milioi euro, ez noiz, ez nora eramango gaituen ez dakigun tren batean. Hau da Euskal Herrian abiadura handiko tren proiektuen egoeraren sintesia". AHTaren lanen egoera hitz horiekin laburtu, eta obrari moratoria bat emateko eskatu du EH Bilduk.
Koalizioko kidek esan dute Iruñe eta Zaragoza arteko loturarik ez duela izango AHTak; "Iruñea-Castejon zatia guztiz bakartua geratuko da". Gasteiz eta Burgos lotzeko zatiarekin Espainiako Gobernuak "zalantzak" dituela. Eta Frantziako Gobernuak "gutxienez 2032 arte" atzeratu dituela Euskal Y-a Europarekin lotuko duten lanak.
Nafarroan loturarik izango ez duen abiadura handiko tren zati bat, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez Espainiarekin ez Europarekin loturarik ez duen tren bat izango dela ohartarazi du koalizioak. "10.000 milioi eurotako bi irla".
Moratoria berez gertatzen ari dela erantsi du EH Bilduk, "moratoria tekniko" bat, Espainiako Gobernua ez duelako behar besteko inbertsioa egiten tren lasterrean. Gasteizko eta Iruñeko gobernuak dirua aurreratzen ari direla, baina Madrilek atzera itzuliko dien ere ez dakitela erantsi dute koalizioko ordezkariek: "Ezin dugu herritarren dirua etorkizunik ez duten proiektuetara bideratzen jarraitu".
Arrazoi horiek emanda, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari galdegin diote prozesu bat hasteko azpiegitura horien etorkizunaz erabakitzeko. Eta bitartean, moratoria ofizial bat emateko obrari: "Ez dago presarik. Geratu eta pentsa dezagun ondo zertan inbertitu behar dugun".