AHT abiadura handiko trenaren lanak hamabost minutuz eten dituzte gaur arratsaldean, Cadreita eta Alesbes arteko zatian, Nafarroan.
Erriberako eta inguruko herrietako 40 bat pertsona batu dira protestan, 17:00ak aldean. Lanean ari ziren makinetara jo, eta pankartekin inguratu dituzte.
Langileek lana eten dute, baina ez da poliziarik agertu eta, ordu laurdenaren buruan, lekua hustu dute protestan ari zirenek.
Tafallan heldu den larunbatean AHTaren aurka egingo duten manifestaziora dei eginez bukatu dute protesta.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi ostea AHTak 70 kilometro bakarrik izango dituela, Castejon eta Iruñea artean, proiektuak inoiz baino zentzu gutxiago duela nabarmendu dute, eta obrak gelditzeko eskatu.
Nafarroan AHTa "irla" bat izango dela ohartarazi dute, eta ez dela errentagarria izango.
Sustrai Erakuntza fundazioak ere larunbateko manifestazioan parte hartzera dei egin du gaur.
"AHTaren gisako azpiegiturak espekulazioaren paradisu bilakatu dira", salatu du fundazioak.