politika

AHTaren lanak "pixka bat" atzeratuko ditu Jaurlaritzak, krisi ekonomikoa dela-eta

EAEko 2010eko aurrekontuetan inbertsioetan iaz baino 260 milioi euro gutxiago jarri ditu. Jaurlaritzak dio gizarte gaietan baino ez duela diru poltsa handituko; Hezkuntzak eta Osasunak %60,8 hartu dute.

2009ko urriaren 27a
13:58
Entzun
Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak gaur jakinarazi du krisi ekonomikoa dela-eta abiadura handiko trenaren (AHT) lanak "pixka bat" atzeratu egingo dituztela, EAEko 2010eko aurrekontuetan inbertsioetan iaz baino 260 milioi euro gutxiago jarri dituztelako. "Proiektu batzuk atzeratu egingo dira krisiagatik, baina ez dugu haietako batere bertan behera utziko". 225 milioi euro ipini dituzte AHTarentzat.

PSE-EEk atzo akordioa sinatu zuen PPrekin, eta Jaurlaritzak gaur onartu du Gobernu Kontseiluan lege proiektua.

Diru poltsa handitu duen arlo bakarra gizarte mailakoa da, Agirrek azpimarratu duenez. "Gaur egun hauek dira egin beharreko aurrekontuak", haren arabera.

10.315 milioi euroko kontuak dira. Osasun Sailak %34,2 hartuko du, Hezkuntzak %26,6, Barne Sailak %6,9, Herrilan eta Garraioak %6,8.

2009ko aurrekontu eguneratuak 11.271 milioi eurokoak izan ziren, eta haiek baino %8,5 txikiagoak izango dira 2010ekoak.

Jaurlaritza 1.914 milioi eurotan zorpetuko da datorren urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.