AHTaren zundaketak trabatzera deitu du CADEk

Errobi-Aturri hiri elkargoko auzapezek deiturik, AHTaren aurka ehunka pertsona bildu dira Hiriburun

Aitor Renteria.
Hiriburu
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Prefetak Lapurdiko AHTko ikerketa lanak egiteko agindua igorri du etxeetara, eta CADEk zundaketa lan horiek trabatzera deitu du. Horrela azaldu zuen Martine Boucher CADEko kideak joan den astearte gauean Hiriburun (Lapurdi) egindako bilkura publikoan. Errobi-Aturri herri elkargoan biltzen diren auzapezek deitu bilkuran ehunka herritar bildu ziren, AHT xedea deitoratzeko. «Pentsatzen bazuten etxeko beroan egongo ginela telebistari adi, tronpatu dira; kanpoko ekaitzak, haizeteak eta euriteak ez bagaitu gelditu, prefetaren mehatxuek ere ez gaituzte geldituko», adierazi zuen.

Roland Hirigoien Mugerreko auzapezak azaldu zuen astearte arratsaldean RFFko konpainiako arduradunak jin zitzaizkiola herriko etxera, zundaketa lanak abiatuko direla erratera. Herri elkargoko auzapez guztiekin bildu ondoren lanei ekinen dietela azaldu zien.

Zundaketa baimenak
RFFk egin behar dituen zundaketa lanak legez kanpokoak izan daitezkeela azpimarratu du CADEk. Izan ere, prefetak lur sailetan sartzeko baimena eman dio RFFri, ez bertan tresneria kokatzeko eta lur laginak hartzeko. Alta, zundaketak egin ahal izateko, lan horiek egin behar dituzte. Hautetsiek zein CADEk zundaketa lanak legearen araberakoak diren aztertuko dute. Corinne Lepage hartu dute abokatu lanak egiteko.

CADEren iritziz, arrunta litzateke prefetaren agiriak lagin hartzea ez baimentzea. Hori eskatuko balu, RFF konpainiak baldintza zorrotzak bete beharko lituzke; bertzeak bertze, lur sailaren egoeraren akta hartu eta lanek eragin litzaketen kalteak ordaindu beharko lituzke. RFF konpainiak zor handiak ditu eta, gainera, ekimen pribatuari dagokion parte handi bat bere gain hartzea onartu du. «Egoera horretan, pentsatzekoa da RFFk eta gobernuak iruzur egiteko tentaldia ukan dezaketela, dirua aurrezte aldera», nabarmendu du Victor Pachon CADEko presidenteak.

RFFk mila metroko zabaleran aztertu nahi dituen balizko ibilbideen karta aurkeztu zuten hautetsiek. «Sinesgaitza bada ere, Lapurdiko ibilbide osoa gune hauskorretan barna egin nahi dute, eta, gainera, RFFk sinetsarazi nahi du AHTa hortik pasatzean ez duela kalterik eraginen», nabarmendu zuen Alain Iriart herri elkargoko presidente eta Hiriburuko auzapezak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.